Gizartea

Elkarbizitzaren aldeko deia egin dute Gasteizen

Azken asteotan Manzanares Cortes familiari egiten ari zaion "jazarpen mediatikoa eta soziala" salatzeko, manifestu bat egin du gasteiztar talde batek. "Kezkatuta" daude hirian jarrera "arrazistak" agertu direlako.

Manifestua aurkeztu dute gaur Gasteizen. EDURNE BEGIRISTAIN
Edurne Begiristain.
2017ko abenduaren 15a
16:16
Entzun

Gizarte alorrean eta giza eskubideen inguruko gaietan adituak diren 25 lagunek sinatu dute manifestua. "Biziki kezkatuta" agertu dira Manzanares Cortes familiak Gasteizera iritsi zenetik izan dituen bizikidetza arazoekin. Familiako kideak Abetxuku auzora iritsi zirenetik, "bullyin mediatikoa eta soziala" egiten ari zaiela salatu dute, besteak beste, "mehatxuak eta eskratxe umiliagarriak egin" dizkietela eta haiei buruzko "informazio faltsua" zabaldu dela kritikatu dute. Sinatzaileek gogoratu dute, halaber, Manzanares Cortes familiak bete egin dituela Alokabidek esleitutako etxebizitza eskuratzeko baldintza guztiak. 

Azken egunotan, familia hori Astegieta auzora bizitzera joango zirela zabaldu zenetik, erasoak areagotu egin direla salatu dute. Izan ere, hainbat herritarrek Manzanares Cortes familiak bizi behar duen pisuaren aurkako erasoak egin dituzte, eta txikizio larriak eragin. "Jazarleek jauzi kualitatibo guztiz onartezina eman dute, jabego publiko baten aurka bortizki oldartuz". Manifestua sinatu dutenek kezkaz ikusten dute Gasteizen jarrera "arrazistak" sustatzen ari diren herritarrak egotea. 

Hori hala, dei egin diete erakunde publikoei, komunikabideei eta Gasteizko gizarte zibilari "elkarbizitzak eta pertsona guztien eskubideek jasandako eraso onartezinei" aurre egiteko. Familia horrek, beste edozeinek bezala, bakean bizi ahal izateko eskubidea duela nabarmendu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.