Lujanbio: "Lan gogor baten emaitza izan da"

Oso pozik dagoela azaldu du Maialen Lujanbiok, baina baita nekatuta ere. "Lan nekeza, sakrifikazio handia..." izan da, haren esanetan, eta horren ordainetan txapela etorri zaionez, "poztasun handia, kristoren emozioa" sentitu du.

Berria -

2017ko abenduak 17

BECeko plaza "izugarri ederra" izan dela azaldu du txapeldunak. "Saioa oso-osorik maila onekoa izan dela izan da nere pertzepzioa". "Edertasuna eta maila ona" izan direla. Hala esan dute bertsolari guztiek ere. 

Aitor Mendiluzek esan du oso mimatuta sentitu dela, eta ez bera bakarrik, baita talde osoa ere. "Publikoaren aldetik, inoiz baino goxoago baina exageraziorik gabe. Behar bada beste final batzuetan baino sentsazio politagoa izan dut. Oso mimatuta sentitu gara".

Amets Arzallusek, berriz, sentsazio gazi gozoa izan du: "Nik neure buruari eskatzen nionera eta ustez egin nezakeenera ez naiz iritsi. Hori aitortzen dut". Hala ere, "taldearen begietatik begiratzeko unea" dela esan du, eta "plazer handi bat" izan dela.

Finala amaitu eta ordu erdira, prentsaren aurrean agertu dira bertsolariak, Iñaki Murua elkarteko lehendakariarekin batera. Alboan zituzten txapelketaren antolatzaileak, prentsako langileak, gai jartzaileak... Irailean hasi eta gaur amaitu den lanagatik eskerrak eman dizkie haiei guztiei Muruak. Malkotan atera zaie denbora guztiko tentsioa. Pozezko besarkadak izan dira. Taldearen indarra.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna