Tortura euskal herrian

4.113 tortura kasu jaso dituzte Eusko Jaurlaritzarentzat EHUk egindako txostenean

Espainiako Poliziaren 1.792 tortura kasu jaso dituzte, Guardia Zibilaren 1.785, eta Ertzaintzaren 336. Txostenaren datuen berri eman eta berehala PSEk esan du ez duela bat egiten jasotakoarekin. Ernek ekidistantzia leporatu dio Eusko Jaurlaritzari txostenari sinesgarritasuna emateagatik.

Etxeberria, Pego eta Fernandez, aurkezpenean. /
Etxeberria, Pego eta Fernandez, aurkezpenean. / Andoni Canellada/Argazki Press

Jokin Sagarzazu - Jon Ordoñez -

2017ko abenduak 18

Pako Etxeberria auzitegi medikuak eta Laura Pego zuzenbidean doktoreak buru izan dituen ikerketak 4.113 tortura kasu jaso ditu 1960 eta 2014 urteen artean Euskal Herrian. Tortura horietan hainbat poliziak parte hartu dutela zehaztu dute, baita Ertzaintzak ere. Zehazki Espainiako Polizia da EHUk jaso dituen tortura kasuen artean salaketa gehien polizia, 1.792 guztira, eta antzeko kopurua du Guardia Zibilak ere: 1.785. Ertzaintzaren kasuan 336 tortura kasu jaso dituzte txostenean.

Gaur arratsaldean aurkeztu dute txostena, eta iaz aurreratutako datuak berretsi dituzte. Etxeberriak berak ez du ukatzen Euskal Herrian torturatuak gehiago direla, baina horietako batzuk hil direla, beste batzuek ez dutela kontatu nahi izan eta harremanetan jarri ezin izan duten torturatuak ere badaudela azaldu izan du. Jasotako torturatu kopuruaren %87 gizonezkoak dira, eta %13, emakumezkoak, gaur adierazi duenez.

Euskal Herrian torturak izan duen tamainari neurria jartzeaz gain, agerian uzten du ikerketak torturatzaileen inpunitatea. Aztertutako aldi osoan (1960-2013) Auzitegi Gorenak hogei zigor epai berretsi ditu torturengatik; azkena, 1992an. Baina 1992tik auzitegiek ez dute zigorrik jarri. Eta 1984 eta1992 artean, zigor bakarra jarri zuten. Ertzaintzak ez du zigorrik jaso.

Lehen kritikak, txostena bera baino lehen

Txostenaren aurkezpenean eman dituzte datu horiek Etxeberriak eta Pegok. Eurekin izan da Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Bizikidetza idazkaria. Txostenaren berri eman aurretik jada iritsi zaizkie lehen kritikak EHUko ikerlariei eta Eusko Jaurlaritzari. Txostena kritikazen lehenenengoetariko bat PSE-EE izan da. Sozialistek esan du ez dutela ikerketan parte hartu, eta ez dutela bat egiten ez formarekin ezta edukiarekin ere.

"ETAren mende erdiko izua ezin da laburbildu 800 hildako eta 3.400 torturatu daudela esanez. Egon ez den gatazka bat egon delako teoria elikatzen du horrek, eta torturaren praktika orokorra izan delako ideia faltsua emanez ezkutatu egiten du zuzenbide estatuaren defentsan funtzionario poliziak eta judizialek egindako lana", dio PSE-EEk ohar batean.

Erne Ertzaintzako sindikatuak txostenaren berri eman aurretik jada Erne sindikatuak bere desadostasuna agertu du hor jasotakoarekin:

Ernek adierazi du "giza eskubideen defendatzaile sutsua" dela, eta administrazioaren egin beharra dela horiek ikertzea. Baina ikerketari zilegitasuna kendu nahi izan dio argudiatuz torturatuen testigantzak soilik hartzen dituela kontutan.

Aurkezpenean, baina, txostenaren egileek azaldu dute ikerketaren sinesgarritasuna %95,5ekoa dela: salaketa guztietatik 202 peritatu dituzte, NBEren Istanbulgo protoloarekin. Erneren arabera, ordea, tortura eta tratu txarrak "benetan" jaso dituztenak Ertzaintza eta udal poliziak izan dira. Udal polizien lau tortura kasu jaso ditu txostenak.

Maila horretan egiten den lehenengoa Euskal Herrian

Arratsaldean aurkeztu dute Pako Etxeberria auzitegi medikuak eta Laura Pego zuzenbidean doktoreak osatutako txostena, eta Ernek esan du ez dagoelako ados ez dela izan aurkezpenean. 1960 eta 2014 bitartean Euskal Herrian izandako tortura eta tratu txarren ikerketa proiektua izeneko dokumentua aurkeztu dute.

Izenburuak berak dioen moduan, tortura eta tratu txar salaketak biltzen ditu Jaurlaritzaren aginduz egindako ikerketak, eta maila horretan egin den lehenengoa izan da. Iazko ekainaren amaieran EHUren udako ikastaroetan iragarri zutenez, ordurako 4.009 lagunek izenpetu zuten torturatuak izan zirela, baina ohartarazi zuten 5.000tik gora izan zitezkeela txostena amaitzerako. Tartean badira Ertzaintzaren aurka egindako salaketak ere, Etxeberriaren arabera "sinesgarritasun osoa" dutenak.

Orotara, 40 ikertzaile aritu dira lanean Etxeberria eta Pegoren aginduetara. Aurreratutako datuen arabera, salaketak aurkeztu zituztenetatik %83 gizonezkoak dira, eta %17 emakumezkoak. Horretaz gain, salaketak aurkeztu zituztenetatik askok behin baino gehiagotan egin zuten. Horietatik 30 kasutan zigor neurriak hartu dira Guardia Zibileko eta Espainiako Poliziako kideen aurka. Ordea, inoiz ez Ertzaintzaren kontra.

Ondorioak

Txostenean nabarmendu dute torturak eta tratu txarrak jasan dituztenetatik %5 inguruk ondorio psikologikoak izan dituztela. Hori dela eta, Etxeberriak "laguntza neurriak" eskatu ditu horientzat.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna