Eusko Legebiltzarra

EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos bat datoz itun politiko berriak erabakitzeko eskubidea jaso behar duela

PSEk eta PPk ez dute ontzat jo estatus berrian erabakitzeko eskubidea txertatzea. Urtarrilaren 31rako, talde bakoitzak testu artikulatu baterako duen proposamena landuko du.

Autogobernu lantaldearen gaur goizeko bilera. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS
Edurne Begiristain.
2017ko abenduaren 20a
07:39
Entzun

Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldeak bilera egin du gaur goizean, eta hurrengo urratsak zehaztu ditu. Gaurko saioan, alderdiek elkarri jakinarazi dizkiote estatus berri bat lortzeko dituzten proposamenak, eta bat datozen puntuak identifikatu dituzte. EAJk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek bat egin dute ideia nagusi batean: estatus politiko berriak erabakitzeko eskubidea jaso beharko duela. Hori hala, lantaldeak atzera bota du estatutuaren erreforma eta erabakitzeko eskubidea banatuta eztabaidatzeko Elkarrekin Podemosek egindako proposamena. Hala eta guztiz ere, Elkarrekin Podemosek ez dio uko egingo lantaldean erabakitzeko eskubideaz eztabaidatzeari. Egia da hiru taldeak ez datozela bat eskubide hori estatus berrian txertatzeko moduarekin, baina, gaur azaldu dutenez, estatutuaren erreforman erabakitzeko eskubidea sar dadin saiatuko dira, eta partekatua izan daitekeen definizioa lortzen ahaleginduko dira urtarrilaren 31rako.

Lantaldea amaitzean, Joseba Egibar jeltzaleak gogoratu du 75 legebiltzarkideetatik 57 daudela erabakitzeko eskubidearen alde, eta "PSE eta PPk hori ulertu eta gehiengoa errespetatu beharko" luketela. "Estatutu politiko berri bat gauzatuko badugu, erabakitzeko eskubidearen motorea hor egongo da", adierazi du Egibarrek. Erabakitzeko eskubidea eskubide historikoen eguneraketaren bitartez txertatu daitekeela uste dute jeltzaleek.

Elkarrekin Podemosetik, berriz, Lander Martinez bozeramaileak aldebiko akordioaren bidea proposatu du. Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramaileak, bestalde, azpimarratu dute badagoela bidea erabakitzeko eskubidea jorratzeko EAJrekin eta Elkarrekin Podemosekin, eta ez dutela onartuko PSEk eta PPk "betorik" jartzea.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.