Erakundeak

Irene Larraza izango da Etxepare institutuko zuzendari berria

Institutuko Kulturaren Sustapenerako eta Hedapenerako zuzendari izan da orain arte, eta Miren Arzalluz ordezkatuko du urtarriletik aurrera.

Irene Larraza.
Irene Larraza. Etxepare Institutua

Berria -

2017ko abenduak 21

Aste honetan jakinarazi du Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak Miren Arzalluzek (Bilbo, 1978) Etxepare Euskal Institutua utzi duela eta Parisko Pallais Galliera modaren museoa zuzenduko duela aurrerantzean. Haren lekua, berriz, Irene Larrazak hartuko du, urte berriarekin batera.

Komunikazio Zientzietako lizentziaduna da Nafarroako Unibertsitatean, eta kulturaren eremuan ibilbide luzea egina; Larrazak (Tolosa, 1970) erantzukizuneko lanpostuak bete izan ditu komunikazioaren eta kultur kudeaketaren eremuetan. Hasieran, Herri Irratian esatari eta erredaktore lanetan aritu zen hiru urtez. Ondoren, Donostiako Koldo Mitxelena kulturuneko Sustapenaren eta Hedapenaren arduradun izan zen hiru urtez, eta zortzi urtez izan zen Syntorama musikarien ordezkaritza agentziako Sustapenaren, Komunikazioaren eta Editorialaren arduradun. 2008 eta 2012 bitartean, Tolosako Udalean garatu zuen bere ibilbide profesionala, Kulturako Koordinatzaile eta Zuzendari gisa. 2012az geroztik, Etxepare Euskal Institutuaren taldeko kide da Larraza. Bertan, Komunikazio arduraduna izan zen aurrena, eta, 2016ko azaroaz geroztik, Kulturaren Sustapen eta Hedapen zuzendaria.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna