Parte hartzea kopuru historiko batera iritsi da: %81,95

Bozkalekuetan ilara luzeak sortu dira, eta, eguerdian parte hartzea 2015ean baino apalagoa izan arren, arratsaldean bost puntu igo da ordukoarekin alderatuta.

Balmes eskolan, Bartzelonan, ilarak zeuden eguerdian. /
Balmes eskolan, Bartzelonan, ilarak zeuden eguerdian. / Jon O. Urain

J.O.U. - O.E.U. -

2017ko abenduak 21

Lan eta boto eguna izan dute Katalunian. Salbuespen egoerako hauteskundeei batu zaie, salbuespen gisa, astegunez joatea bozkatzera. Ezin zen jakin horrek eraginik izango ote zuen parte hartzean. Goizean hautesleen %34,7 joan dira bozkatzera, 09:00ak eta 13:00ak bitartean; 2015eko irailean, %35,1 izan zen portzentajea. Duela bi urteko hauteskundeen azpitik joan da, beraz, goizeko parte hartzea.

Arratsaldean, ordea, jende ugari joan da botoa ematera: 18:00etan %68,21 zen parte hartzea, hau da: 2015ean baino 5,09 puntu handiagoa —%63,12 ze orduan—. Gehienbat Bartzelonan eta Tarragonan igo da parte hartzea arratsaldean.

Goizeko datuak hartuta, probintziaka, Bartzelonan 0,1 egin du behera parte hartzeak, eta Tarragonan, berriz, 0,4. Lleidan, 0,7 hazi da. Gironan izan da 2015ekiko alderik handiena; %3 murriztu da. Arratsaldean, berriz, denean egin du gora: 5,46 puntu Bartzelonan; 3,1 Gironan; 5,5 Lleidan eta 5,07 Tarragonan.

Goizean goizetik sortu dira ilara luzeak, herritarrek beren iritzi politikoa emateko zuten gogoaren erakusgarri. Bartzelonako Eixamplen, esaterako, bi eskolatan gutxienez berandu zabaldu dituzte ateak, eta, beraz, are gehiago luzatu ilarak; baziren 08:00etarako zain zeudenak. Adineko jende askok hartu du parte lehen orduetan, baina baziren gazteagoak ere, lanean baimena eskatutakoak.

Hain justu, Eixamplen eman du botoa Xavier Domenech Catalunya En Comu-ko presidentegaiak. Ilararik ez 11:30ean, eta, harrituta, mahaira joan da zuzenean. Iristean, jabetu da ez zeramala botorik, eta kazetari guztiak zain zeuzkala hartu du bere zerrendaren aldeko botoa.

Ez dira ohiko hauteskundeak, baina bozen lehen orduak normal igaro dira; istilurik gabe, alderdietako ahaldun kopurua ohi baino handiagoa zela. Haien lana: dena garden egiten dela bermatzea, herritarrei laguntza ematea... eta alderdikideekin eta gainerako indar politikoetako ahaldunekin solasean aritzea. Denak dira baikor.

Herritar asko urriaren 1eko irudiak buruan zituztela itzuli dira bozkalekuetara. Eixampleko Escola de Treball da Kataluniako eskolarik handiena, eta istilu handiak izan ziren erreferendumean. Gaur, giro lasaia nagusi. Bartzelonan Polizia oldartu zen lehen eskola Pau Claris izan zen, baina gaur ez zen bozkalekuetako bat.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna