Erreakzioak

Puigdemont: "Kataluniako errepublikak 155aren monarkiari irabazi dio"

ERCko jarraitzaileak, boto kontaketa jarraitzen. ALBERTO ESTéVEZ, EFE
2017ko abenduaren 21a
01:07
Entzun

Bruselan hitz egin du Carles Puigdemontek, eta esan du, oraingoan ezin dituela inork zalantzan jarri emaitzak. Presoak oroitu ditu, eta haiek aske uzteko eskatu. Kataluniako herritarrak zoriondu ditu: "Kataluniako errepublikak 155aren monarkiari irabazi dio". Rajoyk galdu egin duela nabarmendu du. Zuzenketa eskatu dio Espainiako Gobernuari, egindako kalteak erreparatzea, eta demokrazia, gobernua eta askatasunak berriz ezartzea. Presoek berehala atera behar dituzte giltzapetik, bere esanetan, eta Generalitatera itzuli.

"Rajoyren errezetak huts egin du", Puigdemonten esanetan, eta errezeta hori aldatu beharra dagoela ohartarazi du. "Politikaren errezeta" abian jartzeko deia egin du, bere arabera, horrek bakarrik balio baitu arazoak konpontzeko.

"Independentismoak bozak irabazi ditu hautagaiak erbestean eta preso eduki arren, eta unionistek bitarteko guztiak euren esku izan arren. Hauteskunde hauek unionistek irabaz zitzaten prestatu zituzten, baina independentismoak irabazi ditu. 78 dira erreferendum bat eskatzen duten diputatuak".

Elsa Artadi (Junts per Catalunya): "Puigdemontek 34 eserleku; Rajoyk 4. Independentismoaren garaipena denon garaipena, da baiata ERCkoena eta CUPena ere. Gaur gauekoa, 155aren porrota da".

Arrimadas: "Kataluniako herritarren gehiengoa katalana, espainiarra eta europarra sentitzen da"

"Lehenengo aldiz alderdi konstituzionalista batek irabazi ditu bozak Katalunian, eta Ciudadanos izan da", esan du, pozarren, Ines Arrimadas C's-eko zerrendaburuak. Eskerrak eman dizkie botoa eman dieten guztiei. Hamar hiruburu handienetan irabazi dutela azpimarratu du. "Kataluniako herritarren gehiengoa katalana, espainiarra eta europarra sentitzen da eta hala izaten jarraituko du batasunaren eta elkarbizitzaren alde bozkatu dugulako"

"Katalan guztien batasunaren alde egin dugu, eta horren alde egin dute herritarrek", esan du: "elkarbizitzaren alde, eta Katalan guztientzako Katalunia batentzat". Gehiengo soziala Espainiarekin batasunean bizitzearen alde dagoela ulertu du Arrimadasek: "argi dago". Beraz, horren alde lanean jarraituko dutela iragarri du.

ERC: "Errepublikak 155. artikuluari irabazi dio"

Gobernua preso sartu, hautagaiak giltzapean mantendu eta erbestean izan arren, herritarrek errepublikaren alde botoa eman dutela nabarmendu du Marta Rovirak ere. "Independentismoak hauteskundeak irabazi ditu eta Rajoy jaunak galdu egin ditu; errepublikak 155. artikuluari irabazi dio".

Rajoyiri galdetu dio negoziatzeko prest al dagoen, "negoziazio politiko eta demokratikoa" egin nahi dutela, 155. artikulua baztertu eta presoak askatu ostean. Herritarrek konponbidea nahi dutela azpimarratu du, eta konponbide hori hitz eginda lortzea eskatzen dutela. Legebiltzarra herritarrei itzuli behar zaiela, eta haien mandatua beteko duten ordezkariek egon behar dutela han.

"Garaipen hau preso daudenei eta erbestean daudenei esker lortu dugu, baina batez ere errepublikaren alde bozkatu dutenei esker. Herritarrek askatasunaren alde bozkatu dute, eta erbestean daudenak itzultzearen alde. 2015ean baino boto gehiago lortu ditugu independentistok, nahiz eta asko hori ezinezkoa zela esan. Gaur gauean indepentismoak berriz irabazi ditu bozak, eta Rajoy jaunak galdu ditu".

Iceta: "Ez dugu lortu gehiengo independentista garaitzea"

PSCk ez du emaitzen balorazio baikorra egin, ez dutelako lortu lehen helburua: gehiengo independentista garaitzea. "Emaitzak hobetu ditugun arren, ez da nahikoa", esan du Miquel Icetak.

Hala ere, emaitza onartuta, osatuko den gobernu berriari abisu eman dio Konstituzioan eta estatutuan zehatutako legediaren barruan aritu behar duela, alde bakarreko bidea baztertuz. Autogobernua indartu behar dela ohartarazi du. Gainera, esan du jarraitu egingo duela eskatzen Espainiako Gobernuari eta Kataluniakoari legearen barruan hitz egiteko.

Albiol: "Emaitza txarra izan da"

PP izan da alderdietan hitz egiten aurrena. Zorionak eman dizkio C's-i, bozak irabazi dituelako, eta eskerrak eman dizkie PPri botoa eman dioten "milaka" lagunei.

"Emaitza txarra" izan dela onartu du Albiolek: "txarra emaitzengatik, eta txarra Kataluniaren etorkizunari dagokionean". Kataluniaren etorkizuna arriskuan ikusten du, legebiltzarrean gehiengo independentista egongo dela ikusita. Duela bi urte baino babes gutxiago izango duten arren, botereari eutsiko diotela ohartarazi du.

Kezkatuta dago, independentismoaren alternatiba osatzeko behar zuten babesa ez dutelako lortu. C's-en pozak ere gutxi iraungo duela esan du, "hilabete batzuetan" oposizioan egon beharko duelako. "Katalunia galtzen atera da".

Hala ere, Espainiako Gobernuak Kataluniako "askatasuna eta demokrazia" zainduko dituela esan du, herritarrei "lasai" egoteko deia eginez.

CUP: "Gehiengo errepublikanoa izango da nagusi Parlamentuan"

Carles Riera (CUP): "Gure helburuak ziren gehiengo errepublikanoa, ezkerreko gehiengoa eta CUPek emaitza onak lortzea; horietatik bat lortu dugu, izan ere gehiengo errepublikanoa izango da nagusi Parlamentuan".

Lau helburutatik bi lortu dituztela esan du Rierak: gehiengo errepublikarrari eustea, eta gehiengo horretan ezkerreko indarrak izatea nagusi.

Domenech: "Emaitzek oposizioan kokatzen gaituzte"

Xavier Domenech (En Comu Podem): "Hauteskunde hauek zilegiak diren bezala horien emaitza onartu beharrean gaude, eta horiek oposizioan kokatzen gaituzte. Hauek ez dira guk nahi eta espero genituen emaitzak, ezkerrekoa den herri batean eskuinak gehiengoak batzen dituelako".

ANC: "Herritarrek 155a garaitu eta errepublika berretsi dute"

Independentismoak "oso baldintza gogorretan" egin diren hauteskundeak irabazi dituztela esan du Agusti Alcoberro ANCko buruak. Hautagai nagusiak preso eta erbestean egon arren, independentziaren aldeko indarrek gehiengoa lortu dutelako pozik agertu da, eta ospatu egin behar dela esan du. "Zilegi ez ziren bozak" irabazi dituztela azpimarratu du, eta horrek herritarrek aurrera jarraitzeko erabakia hartuta dutela erakusten du, bere arabera.

"Estatuaren golpeari irabazi egin diote herritarrek". Hala esan du ANCko lehendakariak. Orain preso politikoak askatu behar direla eta atzerrian daudenek jazarpenaren beldurrik gabe itzultzeko aukera izan behar dutela ohartarazi du. Amaitu egin behar direla Kataluniako bide subiranistarekin lotuta abiatuta dauden ekimen judizialak.

Horretaz gain, PP "alderdi marginala" bihurtu dela nabarmendu du Alcoberrok, gogora ekarriz, hark aplikatu zuela Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.