EAE-ko aurrekontuak

Eusko Legebiltzarrak 2018ko aurrekontuak onartu ditu

EAJ, PSE eta PPren arteko akordioari esker egin dute aurrera heldu den urteko kontuek. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek aurkako botoa eman dute.

Josu Erkoreka, Alfonso Alonso eta Iñigo Urkullu, gaurko saioan. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS
Edurne Begiristain.
2017ko abenduaren 22a
10:08
Entzun

Bigarren aldiz jarraian, eta PPren abstentzioari esker, aurrekontuak aurrera ateratzea lortu du Eusko Jaurlaritzak, gaur. EAJren, PSEren eta PPren artean lortutako akordioari esker egin dute aurrera 2018ko kontuek. Jeltzaleek eta sozialistek aldeko botoa eman dute (37 boto) eta abstenitu egin dira PPko zortzi legebiltzarkideak. Abstentzio horrek ahalbidetu du aurrekontuak onartzea. Aldiz, EH Bilduko eta Elkarrekin Podemoseko 27 legebiltzarkideek aurkako botoa eman dute. Horiek horrela, Iñigo Urkulluren gobernuak 11.486 milioi euro izango ditu datorren urtean gastatzeko, aurten baino %3,9 gehiago. EAJk eta PSEk PPrekin lortutako aurrekontu akordioa dela-eta, popularren hainbat zuzenketa txertatu dituzte aurrekontuan: guztira 30 milioi euro mugitzea lortu dute PPkoek, aurrekontu osoaren %0,26.

Gaurko eztabaida aurreikusitako gidoia jarraitu dute. Talde bakoitzak orain arte erakutsi duen jarrerari eutsi dio. Oposizioko bi taldeek–EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek–gogor kritikatu dute EAJk eta PSEk PPrekin akordioa lortu izana. EH Bildutik Leire Pinedok jeltzaleei egotzi die "155.artikulua babesten duten alderdiekin" akordioak lortzea. Elkarrekin Podemoseko Julen Bollainek, berriz, kritikatu du PP izan dela akordioaren "garaile nagusia", zerga erreformaren bidez epresaburuei zergak jaistea lortu duelako.

Bestalde, PPko Anton Danboreneak defendatu du bere taldearen "ekarpenei" esker aurrekontuak hobetzea lortu dela, eta argitu du aurrekontuen inguruko itunik ez zela egongo zerga erreformaren inguruan ados jarri izan ez balira. PSEko Alexia Castelo sozialistak eta Josune Gorospe jeltzaleak, berriz, EH Bilduri eta Elkarrekin Podemosi egotzi die akordioetara iristeko borondaterik ez izatea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.