Arabako Batzar Nagusiak

Arabako aurrekontuak onartu dituzte EAJk, PSEk eta PPk

EH Bilduk, Ahal Dugu-k, Orain Arabak eta Irabazik aurkako botoa eman dute. Arabako Foru Aldundiak 481 milioi euro izango ditu gastatzeko 2018an.

Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia (ezkerrean), gaur, foru aurrekontuen eztabaidan. JAIZKI FONTANEDA, ARGAZKI PRESS
Edurne Begiristain.
2017ko abenduaren 27a
13:38
Entzun

Abenduaren hasieran sinatu zuten EAJk eta PSEk aurrekontuen inguruko akordioa PPrekin, eta gaur azken urratsa egin dute Arabako Batzar Nagusietan: 2018ko aurrekontuak bozkatu eta onartu dituzte. Hiru talde horien aldeko botoa ez ezik, Ciudadados alderditik kanporatua izan zen eta egun talde mistoan dagoen batzarkide independiente baten babesa ere izan du aurrekontuak. Guztira, 29 batzarkidek babestu dute proiektua. Kontrako botoa, berriz, honako talde hauek eman dute: EH Bilduk, Ahal Dugu-k, Orain Arabak (Ahal Dugu-tik kanporatutako lau batzarkideek osatzen duten taldeak) eta Irabazik. Orora, hogei boto. Horiek horrela, Arabak 481 milioi euroko aurrekontua izango du datorren urtean, aurten baino %2,92 gehiago.

EAJk eta PSEk PPrekin hitzartutako akordioari esker, heldu den urteko aurrekontuetan lau milioi euro inguruko zuzenketak txertatu dituzte. Aurrekontuak ez ezik, zerga erreformaren inguruko akordioa ere erdietsi dute hiru aldeek. Azken bi urteotan EH Bilduren babesari esker atera ditu aurrera aurrekontuak Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak. Gaurko eztabaidan, Kike Fernandez de Pinedo bozeramaileak salatu du aurrekontuekin Arabak "galdu" egingo duela, politika ekonomikoak "eskuineko norabidea" hartu duelako.

Gonzalezek, ostera, "oso albiste ontzat" jo du aurrekontuak onartu izana. Uste du PPrekin lortutako akordioak sendotu egiten duela legealdian bilatutako "egonkortasuna, normaltasuna eta elkarrizketa".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.