Hego Korea

Seulek eskua luzatu dio Piongiangi hitz egiteko

Otsailean hastekoak diren Neguko Olinpiar Jokoetan parte hartzeko aukerari buruz hitz egitea da, berez, bileraren helburua, baina Hego Korea prest dago beste hainbat gaiez ere eztabaidatzeko.

Hego Koreako soldaduak muga zaintzen Panmunjomen. Ipar Koreak onartuz gero, bertan egingo lukete bilera. JEON HEON-KYUN, EFE
arantxa elizegi egilegor
2018ko urtarrilaren 2a
12:43
Entzun

Urte berriko mezuarekin batera, Ipar Koreako buruzagi Kim Jong-unek iragarri zuen prest dagoela Seulekin hitz egiteko Neguko Olinpiar Jokoetara ordezkaritza bat bidaltzeko aukeraz. Kirol arlotik harago doa, dena dela, Piongiangen eskaintza, bi estatuek bi urte baitaramatzate elkarri hitzik egin gabe.

Hala, ez da harritzekoa Seulek berehala erantzun izana. Hego Koreako presidenteak beste pauso bat eman du, eta eguna eta tokia jarri dizkio eskaintzari. Bilera, beste aldeak onartuz gero, hilaren 9an egingo litzateke, Panmunjomen, bi estatuak banatzen dituen eremu desmilitarizatuan.

Moon Jae-in gobernuburuaren esanetan, "harremanak hobetzeko aukera" izan liteke Olinpiar Jokoen atariko bilera, betiere Ipar Korearen programa nuklearraren auzia mahai gainean jartzen bada. "Espero dugu Hego eta Ipar Koreako ordezkariak aurrez aurre eseri ahalko direla Olinpiar Jokoetan parte hartzeko aukeraz eta bi estatuei zuzenean eragiten dieten gaiez hitz egiteko", adierazi du Hego Koreako Batasunerako ministro Cho Myoung-gyonek.

Ipar Koreako estatuburuak berak nabarmendu zuen "urte berezia" izango dela aurtengoa bi nazioentzat, Ipar Korearen sorreraren 70. urtemuga delako eta hegoaldeak Olinpiar Jokoak antolatuko dituelako, eta bi estatuen arteko "izoztutako harremanak" abiarazteko deia egin zuen. Aldi berean, ordea, AEBei ohartarazi zien "nuklearren botoiak mahai gainean" jarraitzen duela.

Piongiangen programa nuklearra argudio hartuta, hura bakartzen ahalegintzen ari dira AEBak. Bi estatuen arteko harremanak nabarmen okerrera egin du Donald Trump presidentetzara helduz geroztik. Iazko irailean NBEn egindako agerraldian AEBetako presidenteak ohartarazi zuen Ipar Korea "suntsitzea beste biderik" ez litzaiekeela geratuko, hark "probokazioekin" jarraitzen badu.

Erantzunaren zain

Seul Piongiangen erantzunaren zain dago orain. Izan ere, ez litzateke lehen aldia eskaintza bati entzungor egiten diona. Esaterako, iazko uztailean Hego Koreak bi bilera proposatu zituen, mugako tentsioak arintzeko bata eta gerra garaian banatutako familiak elkartzeko aukerari buruz bestea. Iparraldean ez zion, ordea, proposamenari erantzun.

Bi herrialdeetako ordezkaritzak 2015eko abenduan bildu ziren azkenengoz, baina iturri ofizialek ez zuten argitu zein izan zen elkarrizketen gaia, eta soilik zabaldu zuten akordiorik gabe amaitu zirela.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.