Ipar eta Hego Korea

Piongiangek Seulekin elkarrizketak hastea onartu du

Ipar Koreako Gobernuak ez du zehaztu ea ordezkaritzarik bidaliko duen urtarrilaren 9rako proposatutako bilerara.

Kim Jong-un urte berriko mezua ematen. /
Kim Jong-un urte berriko mezua ematen. / Jeon Heon-Kyun/EFE

Arantxa Elizegi Egilegor -

2018ko urtarrilak 3

Bi urtez inork erabili gabeko telefonoa baliatuko dute bi estatuetako ordezkariek harremanetan jartzeko. Hori da uneotan bi herrien arteko komunikazio bide bakarra, izan ere elkarrizketak hastea onartu badu ere, Piongiangek ez dio erantzun mugan biltzeko Hego Koreak egindako eskaerari.

Urte berriko mezuarekin hasi da bi herrien arteko hartu emana hobetzen. Orduan, Ipar Koreako buruzagi Kim Jong-unek iragarri zuen prest legokeela denbora luzez izoztuak egon diren elkarrizketak abiatzeko, Hego Korean egitekoak diren Neguko Olinpiar Jokoetan parte hartzeko helburuarekin.

Seulgo gobernuak atzo bertan erantzun zion eskaintzari, datorren asteartean aurrez aurreko bilera egiteko gonbita eginez, eta gaineratuz kirolaz ez ezik, beste hainbat gaietaz ere hitz egiteko prest daudela. Azken ohar hori erantzunik gabe gerau da, hala ere, oraingoz.

AEBen oharra

Kim Jong-unek Washingtoni ere helarazi zion mezua esanez gertu duela botoi nuklearra eta "erabiltzeko prest" dagoela. Bada, AEBetako presidente Donald Trumpek sare sozialen bidez erantzun du, ohikoa duen moduan, esanez berak ere baduela botoia eta Kimena baino "handiagoa eta boteretsuagoa" dela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna