KATALUNIA

Auzitegi Gorenak ez du gaur jakinaraziko Junquerasi buruzko erabakirik

Oriol Junqueras Kataluniako presidenteorde eta ERCko zerrendaburuak bere espetxeratzea bertan behera uztea galdegin dio Auzitegi Gorenari. "Bake gizona" dela argudiatu du, eta "negoziazioa, aldebikotasuna eta elkarrizketa" bultzatu nahi dituela. Fiskaltzak espetxeratzea mantentzeko eskatu du, leporatzen zaizkion delituak berriz egiteko arriskua duela iritzita.

ERC alderdiko ordezkaritza bat —Gabriel Rufian kongresuko diputatua tartean—, gaur, Auitegi Gorenaren atarian. /
ERC alderdiko ordezkaritza bat —Gabriel Rufian kongresuko diputatua tartean—, gaur, Auitegi Gorenaren atarian. / J.J. Guillen/EFE

Gorka Berasategi Otamendi -

2018ko urtarrilak 4

Junquerasek bere kartzelatzearen kontra aurkeztutako helegitea aztertzeko saioa egin du Auzitegi Gorenak gaur goizean. 10:40 aldera hasi eta 13:00 inguruan amaitu da saioa. Defentsa abokatuak hartu du lehenik hitza. Gero, Junquerasek aurkeztutako helegitera batu diren aldeen txanda izan da. Helegiterekin bat egin zuten Jordi Sanchez ANCko presidente eta Junts Per Catalunyaren hautagaitzako bigarrenak eta Jusep Nuet Esquerra Unida i Alternativa alderdiko idazkari nagusiak. Haien abokatuen ostean, espetxeratze neurriari eusteko eskatu du Vox alderdiak, zeina herri akusazio gisa aurkeztu den, eta, azkenik, fiskaltzak ere kartzelatzea mantentzeko argudioak aurkeztu ditu.

Hitzaldi guztien ostean, Junquerasek azken hitza baliatu du. Minutu gutxiko hitzaldia egin du epaileen aurrean, eta nabarmendu du erlijio sinesmenak dituen "bake gizon bat" dela, eta "negoziazioa, aldebikotasuna eta elkarrizketa" bultzatu nahi dituela Espainiako Gobernuarekin.

Junqueras espetxeratzeko agindua bertan behera uzteko eskatu du haren defentsak, Auzitegi Gorenak gaur goizean egin duen saioan. Leporatzen zaizkion delituak egiteko aukerarik ez duela argudiatu du Junquerasen abokatuak, eta arrazoitu du ezen, hura parlamentari aukeratua izan denez, kartzelan egoteak kalte egiten diela boza eman dioten herritarren eskubide politikoei ere. Van den Eyde abokatuak ziurtatu duenez, argudio "izugarria" da.

ERCko zerrendaburuak espetxeratzea eteteko eskatu zuen hauteskundeen aurretik ere, hala egin ezean kanpainan "ondorio nabarmenak" izango zituela eta. Orduan, Pablo Llarena instrukzio epaileak Junqueras kartzelan mantentzea erabaki zuen, baina adierazi zuen neurri hori berriz azter zitekeela hauteskundeen ondoren.

Gorenak Junqueras aske utziko ez balu, defentsa abokatuak Kataluniako kartzela batera aldatzeko eskaria aurkeztuko luke, ERCko zerrendaburuak Kataluniako Parlamentuko bilkuretan parte hartzeko aukera izan dezan, eta, hala erabakiz gero, presidente izendatzeko hautagai gisa aurkez dadin.

Junquerasi matxinada, sedizioa eta diru publikoaren erabilera bidegabea leporatzen dizkio Espainiako Justiziak, Kataluniako prozesu subiranista dela eta.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna