Athletic-Alaves

Athletic 2-0 nagusitu zaio Alavesi, urteko lehen derbian

Etxeitak zortzigarren minutuan egin du lehen gola, eta Adurizek aldea handitu du 63.ean, penaltiz.

Athleticeko jokalariak Etxeitaren gola ospatzen, gaur, San Mamesen, Alavesen aurkako derbian. /
Athleticeko jokalariak Etxeitaren gola ospatzen, gaur, San Mamesen, Alavesen aurkako derbian. / Monika del Valle/Argazki Press

Berria

2018ko urtarrilak 7

Athletic nagusitu da jokoan partidaren lehen minutuetan, eta berehala lortu du saria. Zortzigarren minutuan, Alavesen atea zulatu du Etxeitak. Kornerretik eginiko erdiraketa bote lasterrean errematatu du Etxeitak area erdian eta Alaveseko atzelari batean jo ostean, Pachekok ez du jaurtiketa gelditzea lortu.

Bi taldeetako batek ere ez du joko landurik egitea lortu lehen zatiko hurrengo minutuetan. Falta asko izan dira, eta aukera gutxi. Athleticeko aurrelari Williamsek sortu du arrisku gehien, baina ez du gol aukera garbirik izan.

Bigarren zatia lehenengoaren bidetik joan da lehen minutuetan. Jokoa inork kontrolatzea lortu ez duen arren, baloia gehiago ibili da Alavesen zelaian, Athleticenean baino.

Talde zuri-gorriak partida bideratu du 63. minutuan. Alexisek Raul Garciari penaltia egin diola adierazi du epaileak, eta Adurizek ez du aukera alferrik galdu.

Bi eta hutsekoarekin, Abelardo Alaveseko entrenatzaileak taldearen suspertzea bilatu du. Medran atera du zelaira Tomas Pinaren ordez, eta Sobrino Ibairen ordez. Alavesek ez du partidaren norabidea aldatzea lortu, ordea.

Athleticek gertu ditu orain Europrako sailkapen postuak, eta Alaves, aldiz, jeitsiera postuetan dago.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna