Ondarea

Epaiketarako bidean utzi dute 'Iruña-Veleia auzia'

Arabako Probintzia Auzitegiko Bigarren Sekzioak berretsi du badela nahikoa delitu zantzu epaiketa egiteko. Ezin zaio errekurtsorik aurkeztu ebazpenari.

2008an piezen benetakotasuna defendatzeko Eliseo Gil arkeologoak egindako prentsaurrekoa
2008an piezen benetakotasuna defendatzeko Eliseo Gil arkeologoak egindako prentsaurrekoa Raul Bogajo/ Argazki Press

Iñigo Astiz -

2018ko urtarrilak 11

Bederatzi urteren ostean, epaiketarako bidean jarraitzen du Iruña-Veleia auziak. 2009an jarri zuen Arabako Foru Aldundiak aztarnategiaren buru izandako Eliseo Gil arkeologoaren aurkako salaketa Arabako Lehen Instrukzio Epaitegian, eta, Oscar Escribano Sanz arkeologoaren eta Ruben Manuel Cerdan fisikari nuklearra ere sartu zituen auzian. Instrukzio fase luze baten ostean, azkenean, iazko udaberrian ebatzi zuen epaiketa hasteko nahikoa zantzu bazeudela. Ondarearen aurkako delitu zantzuak eta ustezko iruzur zantzuak antzeman zituen ikerketa fasean epaitegi hark. Erabaki hari errekurtsoa aurkeztu zion Gilen abokatuak, eta errekurtsoaren eskari batzuk onartu dituen arren, epaiketa egiteko nahikoa motibo badaudela berretsi du orain Arabako Probintzia Auzitegiko Bigarren Sekzioak. Urrats bat gertuago egon daiteke, beraz, epaiketa.

2006ko ekainaren 8an aurkeztu zuen Kristo ondorengo III. mende inguruko 400 piezatik gorako multzoa jendaurrean Eliseo Gil eta Idoia Filloy arkeologoek gidatutako taldeak. Aurkeztu zituzten aztarnen artean bazeuden kristautasunaren hedapenari buruzko teoriak aldaraziko zituzten marrazkiak, eta bazegoen euskarazko idazki sorta garrantzitsu bat ere. Baina susmo txarra hartu, eta 2008ko azaroaren 19an inskripzioak faltsuak zirela ebatzi zuen Arabako Foru Aldundiak antolatutako aditu batzorde batek. Orduan kendu zioten aztarnategia ustiatzeko baimena Lurmen arkeologia enpresari, eta horren ostean abiatu zuten bide judiziala Arabako Foru Aldundiak.

Benetakotasunaren defentsa

Gilek ukatu egin ditu beti aldundiaren akusazioak, eta denbora tarte honetan guztian piezen benetakotasuna defendatu du. Piezen benetakotasuna defendatzen duten elkarte batzuen bultzadaz, hainbat ikerketa ere aurkeztu dituzte Gilen posizioa sendotzeko. Zehazki, ustez ondarea kaltetu izana eta iruzur egin izana leporatzen die aldundiak Gili eta Escribanori, eta hori izango da, hain zuzen ere, ebazpenaren arabera, epaiketan aztertu beharko dena.

Ikerketa fase osoa bertan behera uzteko eskatzen zuen Gilen errekurtsoak, poliziak akatsak egin zituela argudiatuta, eta kustodia katean hutsuneak egon direla ere salatzen zuen. Baina epaitegiak ez ditu ontzat jo argudio horiek, eta, beraz, balekotzat jo ditu instrukzio fasean egindako ikerketen emaitzak. Baztertu egin du, era berean, piezen benetakotasuna zehazteko froga gehiago egiteko aukera ere. Eutsi egin dio, beraz, iazko udaberrian instrukzio epaitegiak ebatzitakoaren muinari.

Delitu zantzuak berretsi dituzte

Halere, epaitegiak kontuan hartu ditu Gilen abokatuak egindako errekurtsoaren eskari batzuk. Iruzur zantzuak ikusten ditu, esaterako, Ruben Cerdan fisikariak Lurmen enpresaren bidez Arabako Foru Aldundiari kobratutako txosten ustez faltsuen kasuan, baina diru kopurua 36.000 euro baino txikiagoa izanik, legeak zehazten duenaren arabera, ez du motiborik ikusten zigorra gogortzeko. Era berean, epaitegiak ez du iruzur zantzurik ikusten Gilek Iruña-Veleiako piezak aurkezteko egindako aurkezpenean, besteak beste, ustezko engainuak arkeologoari ekarriko liokeen balizko onura material zuzenik ez baitu ikusten epaileak.

Piezak manipulatu izanaren zantzuak badaudela ebazten du epailearen testuak, halere, eta auzia epaiketara bidean utzi du. Zehazten duenez, Arabako Foru Aldundia eta Espainiako fiskaltza dira orain beren idatzietan akusatuetako bakoitzak kausa horietan izandako inplikazioa zehaztu beharko dutenak. Ezin zaio ebazpenari errekurtsorik aurkeztu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna