Prezioak

Inflazioa %1,1era jaitsi da 2017 amaieran, Hegoaldean

Urte osoko tasarik txikiena da, energia ez delako hainbeste garestitu.

Garraioa inflazioaren bataz bestekotik gora garestitu da Hegoaldean. /
Garraioa inflazioaren bataz bestekotik gora garestitu da Hegoaldean. / Juan Carlos Ruiz/Argazki Press

Iker Aranburu -

2018ko urtarrilak 12

Beheranzko bidea hartu zuen inflazioak 2017. urteak aurrera egin ahala. Sekulako igoerarekin hasi zuen, 2016ko abenduko %1,6tik 2017ko urtarrileko %2,9ra igo zelako, erregaiaren eta argindarraren bat-bateko igoera handien ondorioz. Datu horrek sindikatuen kezka piztu zuen, langileen eta erretiratuen erosteko ahalmenean galera handia ekarriko zuelakoan. Lasaitzeko deia egin zuen Espainiako Gobernuak, urtearen erditik aurrera jaitsiko zela ziurtatu baitzuen, eta hala izan da. 

Inflazioaren maila txikia ez da berri txarra langileentzat, haietako batzuek behintzat erosteko ahalmen pixka bat berreskuratu ahal izan dutelako. Lan Harremanen Kontseiluak emandako azken datuek, azarokoek, erakusten dute Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan indarrean dauden lan hitzarmenetan batez besteko soldata igoera %1,45ekoa izan dela. Arazoa da ia 350.000 langile daudela lan itun berriturik gabe, eta haietako batzuek ez zuten iaz soldata igoerarik izan.

Erretiratuak eta funtzionarioak

Langile publikoen soldatak, berriz, %1 igo zituzten iaz Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta beste erakunde publikoek, eta, hortaz, ez dute galera handirik izan.

Ezin dute gauza bera esan Hego Euskal Herrian Gizarte Segurantzaren pentsio bat jasotzen duten 628.247 lagunek (abenduaren 1eko datua), haien pentsioak %0,25 igo baitziren iaz. Horiei batu behar zaie nahikoa kotizatu ez eta kotizazio gabeko pentsio bat jasotzen zuten ia 8.000 lagunak (haiek ere %0,25eko igoera izan zuten). Aurten ere erosteko ahalmena galtzeko bidean daude, bosgarren urtez jarraian, Madrilek %0,25 emendatu dielako hileroko saria, legeak baimentzen duenaren kopururik txikiena.

INEk zabaldutako datuen arabera, 2017. urtean jatetxeak eta hotelak garestitu dira gehien: %2,5 Nafarroan, eta %1,8 EAEn. Batez bestetik gora garestitu dira edari alkoholdunak eta tabakoa (%1,3 eta %1,8), garraioa (%1,1 eta %2) eta elikagaiak ere /%0,3 eta %1,8). Merkatu egin dira, berriz, aisialdia eta kultura (-%1,4 Nafarroan eta -%0,3 EAEn), eta altzariak eta etxerako beste elementuak ere bai (-%0,8 eta -%0,7).

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna