Joxan Artzeren heriotza

"Erreferente bat izan zen"

Bere heriotzaren berri izan eta berehala, Joxan Artzeren ekarpena nabarmendu dute askok eta askok.

'Heriotzaren ataria dugu bizitza' Artzeren liburuaren kontrazala eta azala. /
'Heriotzaren ataria dugu bizitza' Artzeren liburuaren kontrazala eta azala. / ELKAR

Maider Galardi F. Agirre -

2018ko urtarrilak 12

Joxan Artzeren heriotzak ohiartzun handia izan du albistea eman denetik. Arrasto sakona utzi dute Artzeren olerkiek memoria kolektiboan, eta urteetan egindako lana eta lan hori egiteko modua goraipatu dute askok eta askok. "Erreferente bat izan zen. Hitzaren bitartez bizitzaren mugak traspasatzen saiatu zen", esan du Jose Angel Irigarai idazle eta poetak. BERRIAri egindako adierazpenetan Irigaraik esan du "kolpe latza" izan dela Artzeren heriotza; bai maila pertsonalean, baina baita poetak Euskal Herriari egindako ekarpenagatik ere: " Ez Dok Amairuren garaietatik kulturgile, sortzaile eta poeta izan delakotz. Berak ere bere marka utzi zuen. Batez ere poesia alorrean. Poeta handi bat joan zaigu", azaldu du.

Xabier Arregi Usurbilgo alkateak gaurkoa egun tristea dela esan du, eta iragarri du herrian ekitaldiren bat egingo dutela Artzeren omenez. "Izaera bikoitza zuen. Bere garaiko kanonekin apurtu zuen, baina gure herri ondarearekin sentsibilitate berezia zuen. Begiak erne zituen", nabarmendu du Arregik.

Txomin Peien idazleak eta Juan Mari Torrealdai Jakin Fundazioaren lehendakariak, berriz, Artzeren nortasun bereizgarria ekarri dute gogora: "Bere nortasuna da azpimarratuko nukeena", adierazi du Torrealdaik Euskadi Irratian; "Izaera bakartia zuen, eta beti eduki izan zuen iritzi propioa. Koherentea izan da".

Bestalde, euskaltzainburu Andres Urrutiak ere doluminak eman ditu: "Joan zaigu olerkari fina, musikari leberra eta kulturgile paregabea! Euskal kulturak asko zor dio letraz eta espirituz. Goian bego".

Gipuzkoako Foru Ahaldundiak ere ohar baten bidez doluminak eman dizkio Artzeren familiari, eta Denis Itxaso Gipuzkoako Kultura diputatuak ere egin ditu adierazpenak: "Hil ostean ere, eskerrak eman nahi dizkiogu euskarari eta euskal kantugintzari egindako ekarpenagatik". Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak ere sarean omendu du poeta:

Sare sozialetan ere askok agertu dure atsekabea eta dolumina. Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramaileak, esaterako, adierazpenak egin dituzte:

Euskalgintzako hainbat ordezkarik ere gogoan izan dute Artzek egindako ekarpena. Besteak beste, Mertxe Mugika AEK-ko koordinatzaileak eta Kike Amonarriz soziologo eta euskaltzaleak azpimarratu dute ondorengo belaunaldiei poetaren lana helarazteko garrantzia: "Egin geniezaiokeen omenaldi onena da", adierazi du Amonarrizek. Josu Labaka Uemako lehendakariak, berriz, Artzeren izaera "abangoardista" oroitarazi du.

Kulturgintzako ardatz garrantzitsuenetako bat izan da Artze, eta eta hainbat musikarik, idazlek eta kultur eragilek ere jarri dituzte mezuak sarean. Fernando Anbustegik, esaterako, olerkariak Baztanekin izandako lotura ekarri du gogora. Izan ere, idazlea Mikel Laboaren Gure Bazterrak abestiaren hitzen sortzailea izan baitzen. Hain justu, Laboa eta Jose Luis Zumeta margolariarekin izandako harreman estua ere azpimarratu dute.

Fermin Muguruzak ere egin dio kantu bidez omenaldi xumea:

Ekarpen handia egin zuen Artzek euskal kulturgintzan, eta ongi islatuta gelditu da hori senideek jasotako babesean eta Euskal Herriko norbanako zein eragileek egindako aitortzan. Hil ostean ere arrasto nabarmena utziko du poetaren lanak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna