euskoa

Euskoaren inguruan funtsezko erabakirik ez du hartu Paueko auzitegiak

Baionako herriaren eta suprefeturaren arteko prozedura bertan behera utzi du Paueko Administrazio Auzitegiak, baina sakoneko gaiari heldu gabe. Argudiatu du, Euskal Moneta elkartearen eta Baionako Herriko Etxearen arteko hitzarmena izenpetua denez, ezin duela auzia aurrera eraman.

Euskoaren aldeko karabana, iaz, Kanbon. /
Euskoaren aldeko karabana, iaz, Kanbon. / Bob Edme

'Iparraldeko Hitza' -

2018ko urtarrilak 12

Paueko Administrazio Auzitegiak ez du sakoneko erabakirik hartu suprefetak eta prefetak euskoaren erabileraren aurka jarri zuten salaketaren inguruan. Baionako herriko etxeak eusko monetarekin ordaintzeko egin hitzarmenaren kontra egin zuten suprefetak eta prefetak berak. Gaur Paueko auzitegi administratiboak hartu deliberoa juridikoa izan da: hitzarmena izenpetua delako prozedura bertan behera utzi du, baina prefetak orain ukanen duen jarrerak argituko du Baionako herriak euskoa baliatzen ahalko duen edo ez.

"Prozedura ezeztatua da baina funtsean aipatu behar zena aipatu gabe". Hitz horiekin laburbiltzen du Euskal Moneta elkarteko Xebax Christyk Paueko auzitegi administratiboak gaur hartu duen deliberoa. Suprefetaren iniziatibaz eta prefetak erreleboa harturik, auzitegira eraman zuten Baionako herriko etxean Euskoa baliatzeko hartu zuten deliberoa. Baina prozedura bertan behera geratu da, "argumentu teknikoekin" Christyren erranetan, juridikoki ezin duelako Euskal Moneta eta herriko etxearen artean izenpetua den hitzarmen baten aurka jo.

"Auzitegiak ez du erran bai, herriko etxeak Euskoa erabiltzen ahal du ordainketak egiteko", argitzen du elkarteko arduradunak. Halere, hitzarmen hori izenpetua da "beraz indar osoan da aplikatua izateko", Xebax Christyk dionaz. "Konkretuki, ordainketentzat ez dugu segidan aplikatuko zeren lehenik beharko da ikusi orain prefetak zer egiten duen: hautatzen ahal du prozedura berri bat abiatzea hitzarmenaren kontra edo uztea eta beste aterabide bat atzematea bide judiziala bazter utziz". Bere ustez, ondorioak izan daitezke –jurisprudentzia sortzen balitz– beste tokiko moneta guztientzat, ez euskoarentzat bakarrik.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna