Ekonomia

Trenbideko teknologian berrikuntza bultzatzeko itun bi sinatu dituzte ETSk, Euskotrenek eta CAFek

Zirkulazioaren kontrolerako sistema adimendun bat (CBTC) probatuko dute Euskotren sarean, zerbitzuaren segurtasuna eta eraginkortasuna hobetzeko asmoz.

Gaurko ekitaldiko irudi bat. /
Gaurko ekitaldiko irudi bat. / IREKIA

Jon Fernandez

2018ko urtarrilak 12

Aspaldikoa da hiru erakundeen arteko lankidetza, eta beste pauso bat eman dute oraingoan. CBTC sistema garatu du CAF konpainiak, eta ETS-Euskotren sarean probatuko dute, Bilboko Metroaren 3. linean, hain zuzen.

"Lankidetza publiko-pribatuaren garrantzia" azpimarratu dute hiru erakundeek, eta nabarmendu dute teknologia berritzaile horrek denei egingo diela mesede: erabiltzaileari, segurtasuna bermatuko diolako; Euskotreni, mantentze lana erraztu eta merkatuko diolako; eta CAFi, behin CBTCa garatutakoan berrikuntza nazioartean esportatu ahal izango duelako.

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko sailburuaren esanetan, lankidetza publiko-pribatua funtsezkoa da "Euskadi markari balio erantsia eman ahal izango dioten berrikuntza proiektu esportagarriak modu egokian gauzatu ahal izateko".

CBTC sistema

CAFeko arduradunek azaldu dutenez, jauzi teknologiko handia da CBTC sistema: lineraren segurtasuna eta prestazioak hobetuko ditu, eta gidaritza eraginkorra, seinaleztapen optimizatua eta energiaren aurrezpena ekarriko ditu.

Funtsean, trena eta haren piezak sentsorez beteko dituzte, eta sortutako informazio jario izugarria jasoko dute. Informazio horri esker, "trenaren abiadura era automatikoan moteltzen edo azkartzen duen sistema osatu ahalko da, lineako trafikoa detektatzen duena edo tren batek kurba batean eraman beharreko abiadura egokia zein den adierazten duena, segurtasuna, ahalmena eta eraginkortasuna hobetuz".

Tapiaren hitzetan, "etorkizunerako garraiorako ari gara prestatzen". Etorkizun hori nolakoa izan daitekeen ere iragarri du: "Gero eta hurbilago dago gidaritza automatikoa izango duten trenak kudeatuko ditugun agertokia".

Tren digitala

Eusktrenek eta CAFek sinatutako bigarren akordioa "mantentze lan prediktiboaren patroien gaineko azterlanarena" da. Kasu horretan ere, Internet eta Big data erabiliko dituzte, trenbidearen garapenean aplikatzeko. Helburua da sistemak "era prediktiboan" identifikatzea trenak izan ditzakeen arazoak, hartara, dagokion mantentze lana, konponketa edo pieza ordezkapena egin dadin.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna