Euskal presoak

Frantzia "datozen asteetan" hasiko da euskal presoak gerturatzen

Vocento taldeko egunkariek eman dute berria Frantziako Barne Ministeroko iturrietan oinarrituta, eta bakegileek baieztatu egin dute. Txetx Etxeberrirekin hitz egin du BERRIAk.

Abenduaren 9an manifestazio handia egin zen Parisek, euskal presoen kontrako salbuespen neurriak bertan behera uzteko eskatuz. /
Abenduaren 9an manifestazio handia egin zen Parisek, euskal presoen kontrako salbuespen neurriak bertan behera uzteko eskatuz. / Marisol Ramirez/Argazki Press

Berria

2018ko urtarrilak 13

Bilbon presoak Euskal Herriratzeko manifestazio handia egingo den egun berean eman dute berria egunkariek, eta goizean bertan baieztatu du Jean-Noel Etxeberri Txetx bakegileak Radio Euskadin: datozen asteen Frantzia euskal presoak gerturatzen hasiko da Mont-de-Marsan eta Lannemezango espetxeetara. BERRIAri ere baieztatu dio berria gero.

Diario Vasco-n Frantziako Justizia Ministerioaren bozeramailearen hitzetan hurbiltze horiek aipatzeak berriari ofizialtasuna gehitzen ote dion galderari hauxe erantzun dio Etxeberrik: "Jadanik komunikatu izan dugu abenduaren 27ko bilkuratik landa Justizia Ministerioak azaldu zigula ez zuela printzipiozko aurkakotasunik presoen hurbiltzea abiatzeko Lannemezanen eta Mont-de-Marsango presondegietara. Baita segituko zuela DPS (bereziki zainduak diren presoak) estatusa kentzeko politikarekin ere. Alde horretatik, ez da deus berririk atera den albistean. Salbu, ematen duten aste zenbaiteko epe hori. Egia da aipatu zigutela hori, baina nahiago genuen horrelakorik ez aipatu publikoki. Bat da erabaki politikoa, eta beste gauza bat da horren gauzatzeko hartzen den denbora, presondegiko administrazioaren filtrotik pasatuz. Kasu guztietan, gaur, mentura handiak dira lehen hurbiltzeak ondoko asteetan gertatzea".

Frantziako Ministerioaren hitzak erabiliz Diario Vasco-k zabaldu duenez, epaiketa egina duten presoak gerturatuko ditu, haiek banaka egindako eskaerei jarraituz. 61 euskal preso daude gaur egun Frantziako espetxeetan; haietatik sei, Lannemezanen, eta bat, Mont-de-Marsanen. Guztietatik sei bakarrik daude epaitu gabe, eta, beraz, horiek Paris inguruan mantenduko dituzte.

Lan esparru horretan, hiru bilera egin dituzte, eta Vicent Bru Errepublika Martxan-eko diputatua da Euskal Herriko negoziazio taldeko kide bat, eta hark BERRIAk egindako elkarrizketan esan zuen hurrengo bileran urratsak espero zituela.

Espainiako espetxetan 232 preso daude, eta haiek ere hasiak dira gerturatzeko banakako eskaerak egiten. Urratsak egiteko prest daudela esan zion Jon Olarra Guridi EPPK-ko mintzaideak Agus Hernan Foro Sozial Iraunkorreko koordinatzaileari. Nolanahi ere, Espainian ez dago lan esparrurik irekita. Foro Soziala lanean ari da bide horretan, alderdien arteko konfiantza sortzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna