Euskal Presoak

Pozik hartu dute gerturatzearen berria

Espainiari bide bera hartzeko eskatu diote Sarek, EAJk, PSE-EEk eta Ahal Dugu-k.

Berria -

2018ko urtarrilak 13

Arratsaldeko manifestazioa hasi aurreko ekitaldietan harrapatu ditu gerturatzearen berriak Begoña Atxa eta Joseba Azkarraga Sareko bozeramaileak. Berri ona dela nabarmendu dute. "Egiten den urratsik txikiena ere beti positiboa izaten da", esan du Atxak. Gainera, bide berari lotzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari ere.

Ez dira haiek izan gaiaz hitz egin duten bakarrak. Radio Euskadin astero egiten duten tertulian balorazio baikorra egin dute EAJko, EH Bilduko, PSE-EEko eta Ahal Dugu-ko kideek ere.

Joseba Egibar jeltzaleak esan du urrats baikorra dela "espetxe politika humanizatzeko bidean". Eta gaineratu du nahi lukeela Frantziak egindako mugimenduek Espainiako Gobernua mugiaraztea.

Iker Casanovak azpimarratu du gizarte zibilak lan handia egin duela, eta Frantziarekin bitartekaritzan aritu direnen lana txalotu du. Haiek egindakoaren emaitza da gerturatzea, haren ustez.

Tinixara Guanche Ahal Dugu-ko kideak ere ontzat eman du berria, eta esan du "pena" ematen diola ikusteak Espainiak ez diola bide berari jarraitzen.

Jose Antonio Pastor PSE-EEko kideak ere esan du "neurri baikorra" dela. Gogora ekarri du Espainiako legedian ere halako interpretazioak egiteko "tartea" badagoela, eta azpimarratu du Espainian ere gisa bereko urratsak egiten has daitekeela, zuzenbide estatua errespetatuta.

Laura Garrido PPko bozeramaileak, berriz, ohartarazi du berria "zuhurtzia handiz" hartu behar dela, eta nabarmendu du banakako eskaerei erantzungo diela Frantziak, ez kolektiboarenei.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna