Kosovo

Elkarrizketa mahaira itzuliko dira Pristina eta Belgrad

Kosovoko eta Serbiako gobernuen negoziatzaileak bihar elkartzekoak dira Bruselan. Duela urtebete baino gehiago bildu ziren azkenekoz.

mikel rodriguez
2018ko urtarrilaren 15a
12:10
Entzun

"Erabaki garrantzitsua da elkarrizketekin jarraitzea, elkarrizketak ez daudenean tentsioa sortzen baita", adierazi dio Serbiako RTS telebista publikoari Igor Simic Kosovoko parlamentari serbiarrak. Serbiako Tanjug agentziaren arabera, eztabaidagai nagusi izanen dute Kosovon serbiarren udalerriek osatuko luketen kontseiluaren sorrera. Kontseilu horrek Kosovoko serbiarrentzat autonomia bat ezartzea du helburu, eta aitzineko negoziazio sortan hitzartu zuten hori sortzea. Hala ere, ez da indarrean paratu.

Auzi horrez gain, justiziaren, telekomunikazioen, mugimendu askatasunaren eta energiaren arloko gaiak eztabaidatuko dituzte.

EB Europako Batasuna da elkarrizketa horien bitartekaria. Serbia EBko kide izateko hautagaien artean dago, eta Kosovo, berriz, balizko hautagaien artean. Onartuak izateko, Bruselak hainbat exijentzia egin dizkie biei, eta horietako nagusia da bien artean bake akordio bat egitea.

Serbiak 1999ko gerran galdu zuen Kosovoren kontrola, NATOk esku hartu eta albaniarren gerrilla independentistak gailendu ondoren. Kosovok 2008an aldarrikatu zuen independentzia. Serbiak ez zuen onartu, ezta EBko bortz kidek ere, eta ofizialki Serbiaren zatitzat dute oraindik.

Gerra krimenen auzitegia

Kosovok EBra hurbiltzeko duen helburuan bertze traba handi bat agertu da, ordea. Kosovoko Parlamentua aste honetan aztertzekoa da 1999ko gerrako krimenak ikertzea helburu duen auzitegi bat bertan behera utzi ala ez. EBk hori ez egiteko ohartarazi zion joan den astean, eta erran zion halako erabaki batek "ondorio kaltegarriak" izanen dituela elkarren arteko harremanean.

Kosovoko Parlamentuak 2015ean erabaki zuen auzitegi hori sortzea, albaniarren gerrillek 1998-1999 eginiko gerra krimenak ikertzeko. AEBek eta EBk presio egin zioten auzitegi hori sortzeko. Herbehereetan ezarri zuten, baina Kosovoko jurisdikziopean jarduten du. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.