EUSKARA

Gipuzkoako euskara planaren kontrako epaia berretsi du EAEko Auzitegi Nagusiak

Gipuzkoako Foru Aldundiaren helegitea baztertu du, eta berretsi egin du euskara planeko bost artikulu bertan behera uzteko erabakia. Artikulu horiek erdal hiztunak "diskriminatu" egiten dituela argudiatu du.

Martin Garitano Gipuzkoako ahaldu nagusi ohia eta Zigor Etxaburua Euskara zuzendari ohia Gipuzkoako aldundiaren 2013-2017 euskara plana aurkezten, 2015eko urtarrilean. /
Martin Garitano Gipuzkoako ahaldu nagusi ohia eta Zigor Etxaburua Euskara zuzendari ohia Gipuzkoako aldundiaren 2013-2017 euskara plana aurkezten, 2015eko urtarrilean. / Jun Carlos Ruiz/Argazki Press

Berria -

2018ko urtarrilak 15

Gipuzkoako Foru Aldundiak 2013-2017 eperako onartu zuen euskara plana mugatzeko erabakia berretsi du EAEko Auzitegi Nagusiak. Aldundiak bere funtzionamenduan eta haren menpeko erakunde autonomoetan euskararen erabilera sustatzeko onartu zuen planak euskararen eta gazteleraren koofizialtasun printzipioa urratzen duela ebatzi du auzitegiak. EH Bildu agintean zela onartu zuen plana aldundiak, eta Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkaritzak auzitara eraman zuen.

Azken erabakiarekin, 2017ko maiatzaren 29an euskara planeko bost artikulu indargabetzeko hartu zuen erabakia berretsi du auzitegiak. Erabaki haren aurka helegitea aurkeztu zuen EAJ eta PSEren foru gobernuak, baina auzitegiak baztertu egin du helegite hori eta erabakia irmoa da.

EAEko Auzitegi Nagusiak euskara planaren 5, 8, 9.3, 11 eta 13 artikuluak utzi zituen bertan behera. Artikulu horiek aldundiaren komunikazio instituzionalari, kontratazioari, diru laguntzak jasotzen dituzten erakundeen betebeharrei eta internet erabilerari eragiten diete. Auzitegiaren iritziz, ezartzen dituzten baldintzek "gaztelera hondar-hizkuntza egoerara" baztertzen dute.

Aldundiaren agerraldi publikoak euskaraz egingo direla zehazten du, esaterako, 5. artikuluak; beti ere, herritarrek aukeratzen duten hizkuntza ofizialean informazio osoa helarazteko bitartekoak izango direla bermatuz. Horrez gain, 11. artikuluak jasotzen du aldundiaren argitalpenek lehentasuna emango diotela euskarari, eta euskara hutsez publikatuko direla hartzaileek eta egoerak hala aholkatzen dutenean.

Aldundiak helegitean argudiatu du auzitegiaren erabakiak Euskararen Erabileraren Normalizaziorako legea urratzen duela, erakundeek hizkuntzaren sustapenerako beharrezkoak diren neurriak hartzeko ahalmena mugatu duela iritzita. Horrez gain, herritarrek administrazio publikoarekin edozein hizkuntza ofizialetan aritzeko duten eskubidea ere urratzen duela argudiatu du.

Madrilen "esku hartzea"

EH Bilduk salatu egin du Espainiako Gobernuak euskara planaren kontra egin izana, eta euskal erakundeen jarduna trabatzea egotzi dio. "Oso larria da Espainiako Gobernuak, kanpo esku hartzearen bitartez, euskal politika judizializatzea eta instituzio legitimoak bultzatzen ari diren hizkuntza politikan eragin nahi izatea. Ezin da onartu Estatua euskararen eta euskaraz bizi nahi duen herriaren kontra aritzea".

Koalizioak "politika egiteko eskubidea" nabarmendu du, "euskaraz bizi garenon inposizioaren aurka". Ohartarazi duenez, euskararen normalizazioa lortzeko, "herritarren, eragileen eta instituzioen arteko elkarlana beharrezkoa" da.

Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak ere "oso larritzat" jo du euskara planaren aurkako sententzia, euskara "hizkuntza ofiziala izan arren, euskaraz soilik ezin garela aritu nabarmentzen duelako". Uemak erakunde publikoei dei egin die "inolako beldurrik eta lotsarik gabe" euskararen erabilera lehenestera.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna