TXINA

Petrolio orbanak hedatzen ari dira Txinako itsasoan

Sanchi petroliontzia lehertu egin zen igandean, eta Txina ekialdeko itsasoan hondoratu da. 136.000 petrolio tona garraiatzen ari zen, eta hark utzitako hiru orban atzeman dituzte.

'Sanchi' petroliontzia sutan, joan den igandean, Txina ekialdeko itsasoan. EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2018ko urtarrilaren 16a
14:34
Entzun

Petroliontziak zortzi egun zeramatzan noraezean, urtarrilaren 6an merkantzia ontzi batekin talka egin zuela eta. Istripuaren ondorioz, garraiatzen ari zen pertrolioak su hartu eta zamaren zati esanguratsu bat erre egin da. Hala ere, leherketa batek ontzia hondoratu zuen igandean, eta petrolio orbanak zabaldu dira itsasoan. Tripulazioa osatzen zuten 32 pertsonak hil egin dira.

Txinako Gobernuak jakitera eman duenez, orain arte, hiru orban atzeman dituzte. Itsasontzia hondoratu den tokitik ekialdera, 18,5 kilometroko luzera duen orbana aurkitu dute; 14,8 kilometrokoa hego-ekialdera, eta 5 kilometro inguruko erradiokoa iparraldera.

Gobernuak ez du argitu atzemandako orbanak ontzia garraiatzen ari zen zamarenak diren ala ontziarentzako erregaiak sortutakoak diren. Erregaia izango balitz, hura garbitzea lan nekezagoa izango da.

Petroliontzia hondoratu aurretik kutxa beltza erretiratzea lortu zuten erreskate zerbitzuek, eta gobernua kutxako informazioa aztertzen ari da, zehazki zer gertatu den argitzeko.

Sanchi ontzi iraniarrak —Panaman erregistratua— CF Crystal merkantzia-ontziarekin egin zuen talka urtarrilaren 6an, Shangai hiritik hurbil dagoen Yangtze ibaiaren estuariotik 300 kilometrotara. Zortzi egun noraezean eman ondoren, istripua izan zuen tokitik 280 kilometro hego-ekialdera lehertu zen.

WWF elkarte ekologistak ohartarazi du "ingurugiro hondamendia" dela gertatutakoa, eta nabarmendu du kaltetutako ingurua munduko itsas eremu aberatsenetakoa dela. Ingurua bereziki zaurgarria ere bada, sakonera gutxiko urak baitira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.