Txekia

Txekiako Gobernuak dimisioa eman du konfiantza botoa galdu ondoren

Andrej Babis lehen ministroari eta haren hurbilekoei EB Europako Batasunaren funtsak irabazi pribaturako bidegabe lortzea leporatzen diete.

Andrej Babis lehen ministroa, herenegun, parlamentuan. MARTIN DIVISEK/EFE
mikel rodriguez
2018ko urtarrilaren 17a
12:57
Entzun

Parlamentuak herenegun egin zuen konfiantza bozketa, eta 117 diputatuk bozkatu zuten gobernuaren aurka, eta 78k alde. Gobernuak jardunean segituko du, bertze bat osatu arte —asteak edo hilabeteak iraun dezakete negoziazioek—. Milos Zeman presidenteak erran du Babisi berriz emanen diola aukera gobernua osatzeko. Baina dimisioa presidentetzarako hauteskundeekin bat etorri da. Hilaren 26an eta 27an egitekoa da bigarren itzulia, eta herritarrek Zemanen eta Jiri Drahosen artean hautatu beharko dute. Babisek Zeman babestu du. 

Gobernuko krisiaren oinarrian Babisen eta haren hubileko senideen eta kolaboratzaileen —ANO 2011ko buruzagiorde Jaroslav Faltynek, horien artean— aurkako iruzur salaketa bat dago. Leporatzen diete joan den hamarkadan enpresa baten jabetza ezkutatu izana, EBtik enpresa txikiei bideratutako bi milioi euroko laguntza bat jaso ahal izateko. Babisek immunitatea dauka, eta Poliziak eskatu du immunitate hori kentzeko, ikerketarekin jarraitu ahal izateko. Babisek dio ez duela immunitateari eusteko asmorik, eta parlamentua etzi erabakitzekoa da hori kendu ala ez.

Enpresari aberatsa

Txekiar Errepublikako pertsonarik aberatsenen artean bigarrena da Babis lehen ministroa. Hamarkada hasieran ANO 2011 alderdia sortu zuen, ustelkeria eta klientelismoa zela-eta gobernuaren aurka sortu zen protesta mugimendu batean parte hartu ondoren. Sozialdemokratekin eta kristau-demokratekin koalizioan osatutako gobernuetan Finantza ministro eta lehen ministrorde karguak eduki zituen, eta iazko urriko hauteskundeetan ANO 2011k hauteskundeak irabazi zituen. Babis lehen ministro izendatu zuten, baina gutxiengoan osatu zuen gobernua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.