Antzerkia

XX. mende hasierako Dublin eramango dute Arriagara

James Joyceren 'Dublindarrak' liburuan oinarritutako antzezlana estreinatuko du urtarrilaren 26an Garbi Losada zuzendariak, Bilboko Arriaga antzokian.  

Asier Arrate Iruskieta.
2018ko urtarrilaren 17a
14:32
Entzun

Idazle irlandarraren Dublindarrak literatura lanik ezagunenetako bat da, baina oso moldaketa gutxi izan ditu antzerkirako. Orain honetan, Garbi Losadak ekin dio lantegi horri. Jose Antonio Vitoriarekin batera moldatu du. Urtarrilaren 26an izango da estreinaldia, baina 24an eta 25ean bi funtzio eskainiko dituzte goizez.

Joyceren liburua hamabost istorio laburrez osatua dago. Losadaren moldaketak, ordea, luzeena eta ezagunena du ardatz, hau da, Hildakoak, nahiz eta beste istorioetatik hartu dituen pertsonaia batzuk. Antzezlanean arituko diren zortzi aktoreak, hauexek: Asier Hormaza, Iñake Irastorza, Klara Mendizabal, Asier Sota, Naiara Arnedo, Aitor Beltran, Isidoro Fernandez eta Lierni Fresnedo.

Dublindarrak antzezlanaren istorioa Dublinen girotua dago, 1904. urteko Errege egunean. Egun horretako afaria aitzakia hartuta, hainbat gai eta ikuspuntu jarriko dituzte mahai gainean pertsonaiek: tradizioa, berritasuna, balio zaharrak, erlijioa, abertzaletasuna, sufragismoa... Labur esanda: Joyceren liburuan bezala, mundu zaharraren eta berriaren arteko borroka da ardatza.

Antzezlana XX. mende hasierako Dublinen oinarrituta badago ere, bertan landutako gaiak indarrean daude orain ere, zuzendariak adierazi duenez. Hizkuntza aldetik, berriz, euskara oso poetikoa izango dela azaldu du. James Joyceren lanen kutsua mantendu nahi izan dutela nabarmendu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.