Ondarea

SOS Iruña-Veleiak berretsi du badirela auzia artxibatzeko arrazoiak

Plataformako kideek uste dute zigor epaitegia ez dela erakunderik egokiena grafitoen faltsutasunaz erabakitzeko, eta soilik laborategi zientifikoen esku egon beharko lukeela auziak.

Iruña-Veleiako grafitoei buruz 2009an Gasteizen egindako topaketa. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS
Edurne Begiristain.
2018ko urtarrilaren 18a
14:09
Entzun

Arabako Probintzia Auzitegiko Bigarren Sekzioak joan den astean erabaki zuen Iruña-Veleia auzia epaiketarako bidean jartzea, eta, gaur, SOS Iruña-Veleia plataformak erabakiaren inguruko balorazioa egiteko prentsaurrekoa eskaini du. Juan Martin Elexpuru, Idoia Filloy eta Konrad Van de Driessche izan dira agerraldian, eta, haiek nabarmendu dutenez, bada nahikoa arrazoi auzia artxibatzeko. Hasteko, adierazi dute epailearen autoak badituela "oso puntu positiboak" auzipetuen defentsarako, artxibatu egin dituelako behin-behinean iruzur larria eta ondare dezplazamendua delituak, eta beraz, ustezko faltsutzean akusatuei irabazi asmorik ez dietela leporatzen. Hori esanda, plataformako kideek uste dute auziaren muinean dauden piezen zaintza katea "hautsi" egin zela, eta horrek "automatikoki" ekarri beharko lukeela auziaren artxiboa. Horrez gain, uste dute ez dela frogatu faltsutzea egon zela. "Egia da kereila jarri duen partearen sei txosten daudela, baina hori bezain egia da badirela beste hogei aurkakoa diotenak", adierazi dute.

SOS Iruña-Veleia plataformaren arabera, une honetan Arkeometria laborategi espezializatuek soilik erabaki dezakete auziaz, eta hori da Lurmenek berak azken urteotan eskatu duena. "Zigor epaitegia ez da erakunderik aproposena grafito batzuen benekotasunaz edo faltsutasunaz erabakitzeko, soil-soilik zientifikoa den gai baten aurrean baikaude", azaldu dute. Auzia "beste fase batean" sartu dela uste dute plataformakoek; orain Arabako Foru Aldundiak eta Fiskaltzak epe labur bat dute akusazioa formulatzeko, balizko delituak zehaztu eta zigorrak eskatzeko. Pilota Arabako Foru Aldundiaren teilatuan dagoela iritzi diote: "Foru erakundeko buruzagiek barrua izango al dute beren zerbitzu juridikoak abian jartzeko, Eliseo Gil eta beste auzipetuen kondena bilatu nahirik?", galdetu dute. Amaitzeko, plataformakoek elkartasuna adierazi diete Eliseo Gil eta Oskar Escribano auzipetuei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.