Tene Mujika Saria

Kattalin Minerrek irabazi du Tene Mujika saria, transexualitateari buruzko lan batez

Euskal Herriko historia hurbilaren inguruko ez-fikziozko lanak saritzen ditu bekak. Minerrek, Amaia-Aimar Elosegi gazte transexualaren inguruko bizipenak jaso, eta gogoetarako hainbat gako proposatuko ditu.

Kattalin Miner, artxiboko irudi batean. /
Kattalin Miner, artxiboko irudi batean. / Juan Carlos Ruiz/Argazki Press

Maider Galardi F. Agirre -

2018ko urtarrilak 22

Elosegik bere buruaz beste egin zuen 2007an, eta Minerrek, hamar urte geroago, horren inguruko hainbat hausnarketa plazaratuko ditu Tene Mujika sarietarako aurkeztutako proiektuan —Elkar argitaletxeak eta Debako Udalak antolatzen dute beka hori—. Batetik, asmoa da Elosegi zenaren nondik norakoak liburuan jasotzea. Bestetik, ordea, kazetariak gogoeta egingo du transfeminismoari buruzko ikuspegia aldatu ote den Euskal Herrian . Memoriaren, suizidioaren eta transexualitatearen inguruko proiektua jorratuko du Minerrek. Horretarako, urtebeteko epea izango du, eta bidelagun edukiko ditu orduko hainbat lekuko. Idurre Eskisabel, Imanol Murua eta Aitor Zuberogoitia izan dira proiektua aukeratu duten epaimahaikideak.

Herrikideak eta lagunak ziren Elosegi eta Miner. Gertakariaren oroimena berreskuratzea eta kidearen suizidioak Euskal Herrian edukitako eragina jasotzea ere izango da kazetariaren egitekoa. 2013an ere egin zioten omenaldi xumea Elosegiri. Genero ariketak. Feminismoaren subjektuak liburuaren aurkezpena egin zuten Hernanin (Gipuzkoa), eta bertan jaso zituzten Elosegiren zenbait gogoeta. Liburuaren hasieran ere oroimenezko hitzak eskaini zizkioten hernaniarrari.

Mugimendu feministako kidea da Miner, eta kazetari eta ikerlari gisa aritu da lanean. Iaz kaleratu zuen lehen eleberria: Nola heldu naiz ni honaino. Besteak beste, Martin Ugalde beka jaso zuen udazkenean Danele Sarriugarte eta Maddi Altunarekin aurkeztutako lan bati esker; Euskaldunon Egunkaria-k eta BERRIAk genero ikuspegitik egindako ekarpena aztertuko dute lan horretan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna