Skasti musika taldeak 'Ye' diskoa kaleratu du

Musika propioaren aldeko aldarri oihua da taldearen laugarren lana. Ska musikatik aldenduta, funkia, rock alternatiboa eta india dira nagusi hamahiru kantuz osatutako diskoan.

Disko berria kaleratu du Skasti taldeak
Disko berria kaleratu du Skasti taldeak Skasti

Maider Galardi F. Agirre -

2018ko urtarrilak 23

Aurreiritzirik gabe sortu du Skastik Ye diskoa. "Ez genuen etiketa finkorik nahi", azaldu du Mattin Saldias taldeko gitarristak. Izan ere, duela hamar urte taldea sortu zenetik, bilakaera handia izan dute kideek, eta, erreferentziazko musika aldatuz joan den heinean, beraiek ere estilo propioa findu dute. Horregatik, musika dantzagarria sumatu badaiteke ere, ska erritmoak albo batera utzi eta bestelako estiloetan barrena murgildu dira azken lana osatzeko.

Hamahiru abestiz osatutako lan berria Zestoako Gaztain estudioan (Gipuzkoa) grabatu dute, Eñaut Gaztañagarekin batera. "21 proiekturekin joan ginen grabaketara, horietatik hemeretzi lan bukatu genituen, eta hamabost grabatu. Hamahiru kantu dira diskoan jaso ditugunak", azaldu du Saldiasek. Musika estiloan ez ezik, landutako gaietan ere egin dute aldaketa. "Lehenago, gai sozialei heltzen genien, kanpoko kontuez hitz egiten genuen", adierazi du Iker Iñigo abeslariak. "Lan berrian, ordea, geure-geureak diren kontuez ari gara: harreman toxikoez, nomofobiaz...".

Bilakaera propioa duen taldea

Josu Ondarra taldekideak azaldu du taldeak bilakaera izan badu ere jatorrizko izaera mantentzen dutela: "Egia da Skasti taldeak, berez, ez duela gure oraingo izaera azaltzen, baina oso harro gaude garenaz". Horregatik, musika mota berria egin arren, taldearen izena mantentzea deliberatu dute: "Izenaren eta izanaren arteko talka horretatik sortu dira abesti asko".

Edonola, uste dute ikusleek jarraituko dutela taldeaz orain arte bezala gozatzen: "Agian ez gara hain berbeneroak, baina dantza giroa sortuko dugu ziur", azpimarratu du Saldiasek. Taldekieen esanetan, zuzeneko "indartsua" eskainiko dute oholtza gainean: "Hori ere bada Skastiren bereizgarrietako bat. Zuzenekoetan hazi egiten gara". Rock basatia eta erritmo dantzagarriak eramango dituzte kotzertuetara, abestiei bestelako ukitua emanez. Aurkezpen bira abiatuko dute berehala, eta, besteak beste, otsailaren 2an izango dira Gasteizko Kubik aretoan, Ze Esatek taldearekin batera. Otsailaren 22an, berriz, Bilboko Kafe Antzokian eskainiko dute kontzertua.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna