Literatura

Nicanor Parra poeta txiletarra zendu da, 103 urterekin

Figura ezinbestekoa izan da Latinoamerikako literatura ulertzeko. Besteak beste, Hojas de Parra, Poesía y Antipoesía, eta Versos de Salón idatzi zituen.

Nicanor Parra, irailean, Santiagon bere erakusketa batean. JAVER ZORRILLA, EFE
gorka erostarbe leunda
2018ko urtarrilaren 23a
14:56
Entzun

Latinoamerikako poesia antzaldatu zuen Poemas y antipoemas liburuarekin, 1954an. Poeta zen, eta fisikari matematikaria, parratarren familiako anaia zaharrena. Bi hamarkadatik gora zeramatzan Las Crucesko bainuetxean erretiratuta, Txilen.

San Fabian de Alicon jaio zen, 1914ko irailaren 5ean. Antipoesiaren sortzailetzat jo izan dute adituek, eta kritikari nahiz egile askorentzat azken mendeko poeta onenetakoa da; Harold Bloomek, Nial Binnsek eta Roberto Bolañok aitortu izan dute haren eragina, besteak beste.

Haren obra hainbat hizkuntzatara itzuli da, ingelesera, frantsesera, suedierara, errusierara, txekierara eta portugesera, adibidez. Parraren poesiak hainbat aldi izan ditu. 1930eko hamarkadan argitasunaren poesia deituan barneratu zen aldi labur batez, Federico Garcia Lorca hil berriaren eragina jasoz. Lehen etapa hura utzi eta errealismo sozialista hartu beharrean —kritikatu egin zuen mugimendu hura sinesgarria ez zelako eta bai aldiz abstraktu eta doktrinarioa— bide abangoarditsari heldu zion, eta are, baita post-abangoardistari ere. Sorkuntzarako egitura eta mekanismo formalak antzaldatzea interesatzen zitzaion, bere hezkuntza zientifikoak akuilaturik.

Parraren poesia kritikoa izan da batik bat, kuestionatzailea, antiklerikala, politikoa... Bere antipoema posmodernoez gain, egin zituen ekologikoak ere, eta baita ahozko tradizio popular eta herrikoitik eratorritakoak ere. Absurdoa, umorea, kaleko artea eta kultura herrikoia erabiliz, poesia demokratizatu zuen, adituen esanetan: maila soziokultural desberdineko jendearengana gerturatu zuen poesia.

1970eko hamarkadan "poema bisualak" lantzen hasi zen, beregan ezagun egin ziren "artefaktuak". Haren poemak itzuli zituzten, besteak beste, Allen Ginsbergek, Lawrence Ferlinghettik, William Carlos Williamsek, Thomas Mertonek eta Denis Levertovek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.