Ekialde Hurbila

Vienara joan dira Siriako Gobernua eta oposizioko ordezkaritza bat

Nazio Batuen Erakundea da bitartekari, eta konstituzioaren erreforman zentratu nahi ditu elkarrizketak. Turkia Siriako kurduen Afrin barrutiaren aurka erasoaldi betean ari denean batzartu dira.

Staffan de Mistura NBEren bitartekaria (erdian), gaur, Vienan.
Staffan de Mistura NBEren bitartekaria (erdian), gaur, Vienan. Alex Halada/Efe

Mikel Rodriguez -

2018ko urtarrilak 25

"Baikorra naiz definizioz. Une kritikoan gaude, hagitz-hagitz une kritikoan", adierazi du Staffan de Mistura NBEren Siriarako bitartekariak bilera hasi aitzinetik. Siriako Gobernuak Baxar Jaafari NBEn duen enbaxadorea bidali du ordezkaritzaren buru, eta oposizioko HNC Negoziazioetarako Batzorde Gorena aliantzak, berriz, Nasser Hariri Siriako Parlamentuko legebiltzarkide ohia. Jaafari goizean elkartu da De Misturarekin, eta arratsaldean, berriz, Hariri elkartu da bitartekariarekin. Ez dute zehaztu bi ordezkaritzak aurrez-aurre elkartuko ote diren. Elkarrizketa saioak bihar bukatzekoak dira.

Une berezian egin dute bilera. Alde batetik, Siriako armada bi fronte nagusitan ari da borrokan HNCk babesten dituen talde armatuen kontra: ipar-mendebaldeko Idlib probintzian —gerra osoan matxino taldeek, muturreko islamista sunitak gehienak, eduki duten gotorleku nagusietakoa—, eta Ekialdeko Ghutan —iazko azarotik setiatuta du—. 

Horrez gain, Errusiak aspalditik iragarria zuen Sotxi hiriko bake konferentzia baino egun batzuk lehenago elkartu dira Vienan. Errusia, Iran eta Turkia dira konferentzia horren nazioarteko babesleak; Mendebaldeak eta Golkoko herrialdeek, berriz, NBEren bitartekaritza lehenetsi dute. Errusiak Siriako alde guztiak elkartu nahi ditu Sotxin —EI Estatu Islamikoa eta Jabhat Fateh al-Xam (leheno Al-Nusra Frontea izena zuena) prozesu guztietan kanpoan utzi dituzte, alde guztiek "terrorista" gisa izendatuta dituztelako—. Haririk erran du HNCk oraindik ez duela erabaki Sotxin parte hartzeari buruz. Ipar Siriako Federazio Demokratikoak, berriz, erran du ez duela gonbidapenik jaso, eta jasoz gero, ez dela Sotxira joanen Turkiak ez badu gelditzen Afrin barrutiaren aurkako erasoaldia. Ipar Siriako Federazioa SDF Siriako Indar Demokratikoak miliziak kontrolatzen duen eremuko administrazioa da —kurduen alderdiak eta miliziak dira indar nagusiak—. 

Turkia eta AEBak, aurrez aurre

Hain zuzen, Afrinen aurkako erasoaldia dela-eta handitzen ari da Ankararen eta Washingtonen arteko tentsioa. Donald Trump AEBetako presidentea lehenbizikoz mintzatu zen atzo horren inguruan, eta Turkiari eskatu zion "ekintza militarrak mugatzea eta biktima zibilak eragoztea". Tom Bossert Trumpen segurtasun nazionalerako aholkulariak gaur erran du nahiago luketela Turkia Afrindik "atera" eginen balitz. Mevlut Çavusoglu Turkiako Atzerri ministroak erran du, ordea, ez dutela "deus" eztabaidatzeko AEBekin, "konfiantza berreskuratu arte".  

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna