Mendia

Elizabeth Hawley hil da, Himalaiako kronista

Kazetari estatubatuarrak Himalaiako Datu Basea sortu zuen, 1991n. Haren elkarrizketei esker frogatu zen Edurne Pasaban izan zela hamalau zortzi milakoak igo dituen lehen emakumea.

Elisabeth Hawley kazetari estatubatuarra, artxiboko irudi batean. /
Elisabeth Hawley kazetari estatubatuarra, artxiboko irudi batean. / Ramon Olasagasti

Gorka Berasategi Otamendi -

2018ko urtarrilak 26

Bart hil da Elizabeth Hawley kazetari estatubatuarra, Himalaiako eta Everest mendiko kronista bezala ezagutu dena. 94 urterekin zendu da Katmanduko ospitalean, neumoniak jota.

Hawleyk 50 urte baino gehiago eman ditu Himalaiako gailurretara igotzen ziren espedizioetako mendizale eta xerpak elkarrizketatzen, eta igoera horien berri ematen. Denborarekin, Hawleyren idatziak gailurra egin izanaren berme bihurtu dira mendizaleen artean.

Jeevan Shrestha Nepalgo Turismo Ministerioko bozeramaileak gogorarazi duenez, Hawleyren elkarrizketa eta ikerketek hainbat iruzur eta gezurrezko balentria azaleratzeko balio izan dute. Horien artean, Oh Eun-Sun mendizale korearrarena. Eun-Sunek Kanchenjunga igo zuela ziurtatu zuen, eta, beraz, bera zela hamalau zortzi milakoak igo zituen lehen emakumea. Hawleyk mendizalea eta harekin joan ziren xerpak elkarrizketatu ondoren, baina, Eun-Sunen igoera "eztabaidan" zegoela idatzi zuen bere erregistroan. Azkenean, korearraren testigantzari balioa ukatu zion bere herrialdeko mendi federazioak. Ondorioz, Edurne Pasabani aitortu zitzaion hamalau zortzi milakoak igo dituen lehen emakumea izatearen ohorea.

Hawley Chicagon jaio zen (AEB), 1923an. 36 urterekin bidaiatu zuen lehenengoz Nepalera, eta bidaia hark goitik behera baldintzatu zuen haren bizitza. Himalaia hartu zuen bizileku, eta Reuters albiste agentziarentzat hasi zen lanean. 1963an, Everestera igo asmo zuen espedizio baten kontakizuna egin zuen, eta horrek areagotu egin zuen kazetariaren mendiarekiko lotura.

Mende erdiz mendizaleei elkarrizketak eginez, Himalaiako hainbat tontorri buruzko ezagutza pilatu zuen, igo ez bazituen ere.

Nepalgo Gobernuak haren lana aitortu du, eta Hawley izena ipini zion 6.182 metroko mendi bati, 2014an.

Hawleyri eginiko elkarrizketa argitaratu zuen BERRIAk, 2004ko urtarrilean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna