Txekia

Zeman euroeszeptikoa eta Drahos europazalea, presidentetzarako lehian

Txekiako herritarrek gaur eta bihar bozkatuko dute hauteskundeen bigarren itzulian. Azken inkesten arabera, botoen %45 inguruan berdinduta daude bi hautagaiak.

Jiri Drahosen aldeko kartel bat, Pragan. MARTIN DIVISEK, EFE
Berria
2018ko urtarrilaren 26a
13:35
Entzun

Bi mezu politiko ezberdin ordezkatzen dituzte Milos Zeman egungo presidenteak eta Jiri Drahos arerioak. EB Europako Batasunarekin kritikoa da Zeman, eta egitura horretan gehiago integratzearekin eszeptikoa. Errusiarekin harremanak hobetzea defendatu du, eta EBk herrialde horri ezarritako zigorrak kritikatu ditu. Drahosek, berriz, sakondu egin nahi du EBrekiko lotura —euroan sartzea ere defendatu du—. Halaber, eztabaida politikoan garrantzia hartu duen auzi batean, EBk ezarritako errefuxiatuen kuotan, Zemanek defendatu du bakar bat ere ez hartzea, eta Drahosek esan du Txekiari egokitu zaizkion 2.600ak hartzeko gai dela herrialdea. Lehenengo itzulia Zemanek irabazi zuen, botoen 538,5ekin, eta Drahosek %26,6 lortu zituen. 

Txekian estatuburua ez da protokolozko roletara mugatzen, eta hainbat botere gauzatzeko haren sinadura beharrezkoa da lehen ministroarenarekin batera. Horregatik, eragin handiko kargu bat da herrialdeko politikan. Zemanek 73 urte ditu, eta 2013tik da presidente. 1998 eta 2002 artean lehen ministro ere izan zen. Drahosek, berriz, 68 urte ditu, eta Txekiako Zientzia Akademiaren presidentea izan zen 2009tik iaz arte.  

Presidentetzarako hauteskundeak gobernu krisi baten erdian egingo dituzte. Andrej Babis lehen ministroak gobernu osoarekin batera dimisioa eman zuen duela bederatzi egun, parlamentuak bozketa batean konfiantza kendu ondoren —117 diputatuk bozkatu zuten gobernuaren aurka, eta 78k alde—. Babis eta haren hurbilekoak ikertzen ari da Polizia, EBren funtsak irabazi pribaturako bidegabe lortu zituztelakoan. Babisek jardunean jarraitzen du karguan, eta Zemanek herenegun aukera eman zion beste gobernu bat osatzeko —martxoaren 8ra arteko epea du—. Presidentetzarako hauteskundeetan Zeman babestu du Babisek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.