Erakundeak

Arte eszenikoak sustatzeko diru laguntzak bateratu egin ditu Eusko Jaurlaritzak

523.000 euro emango ditu Eusko Jaurlaritzak eszena sustatzeko. Sakabanatuta zeuden laguntzarako poltsak orain poltsa bakarrean bildu ditu.

Eusko Jaurlaritzako ordezkariak Biloko Pabilioi 6 aretoan. MARISOL RAMIREZ/ ARGAZKI PRESS
Inigo Astiz
2018ko urtarrilaren 31
13:41
Entzun

Sinbolikoa da aldaketa ekonomikoa baino gehiago. Zehazki, iaz baino 64.000 euro gehiago inbertituko ditu Eusko Jaurlaritzak antzerkia eta dantza sustatzeko, baina birmoldatu egin du horretarako deialdia. Eta hori da berrikuntza nagusia. Lehen, hainbat deialditan sakabanatuta zeuden laguntza poltsak "arte eszenikoen sustapena" epigrafearen batu ditu. 523.000 euro emango dituzte horretarako guztira, beraz, baina deialdian ikuspegi aldaketa bat egon dela da kontua, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren hitzetan. “Zaku berean sartu ditugu antzerkiaren mundua eta dantzarena, iruditzen zaigulako errealitate bat badagoela bi munduak gero eta hurbilago dituena”. Joxean Muñoz Kultura sailburuordea eta Aitziber Atorrasagasti Kultura Sustatzeko zuzendaria ere izan dira aurkezpenean, eta Bilboko Pabiloi 6 aretoan egin dute ekitaldia. Arte eszenikoetako hainbat ordezkari ere izan dira bertan: aktore, programatzaile eta aretoetako ordezkariak.

Eszenako ordezkariekin elkarlana

Eszenako jendearekin ateratako argazki hori ere bada sinbolikoa. Eusko Jaurlaritzak eszenako eragileekin sortu nahi duen elkarrizketa giroa islatu nahi izan dute keinu horrekin. Hain zuzen ere, irudi horren garrantzia azpimarratu du Muñozek. “Elkarrekin lan gehiago egiten saiatu behar gara”, zehaztu du. “Orain arte saiatu izan gara laguntza espezifikoak sortzen behar espezifikoentzat. Hori inportantea da, eta inportantea izaten jarraituko du, baina irudipena dugu ez ote garen gehiegizko fragmentaziora iritsi, eta ez ote garen ari argazki orokorra galtzen”. Eta horregatik diru laguntza guztiak poltsa berean biltzearena.

Elkarlanean sakontzeko deia ere egin du Muñozek. Horretarako sektorearen ordezkaritza ere zehazten joatea komeni litzatekeela adierazi du. “Fragmentazio horrek ere baditu bere arazoak”. Topaguneak, elkarrizketarako foroak eta elkarrizketarako espazioak sortzeko beharra aipatu du horregatik. Sektorearen memoria bilduko duen ekimen bat abian jartzeko asmoa ere aurreratu du, bestalde.

Bost modalitateko deialdia

Laguntza eskatzeko bost modalitate izango ditu arte eszenikoak sustatzeko diru laguntzen deialdi berriak. Bat: 88.000 euroko inbertsioa bideratuko du Eusko Jaurlaritzak antzerkiko profesionalen prestakuntzarako. Bi: 70.000 euroko inbertsioa egingo dute dantza prestakuntzarako. Hiru: Egoitza proiektuak sustatzeko 80.000 euroko laguntza izango da. Lau: Kale antzerkia bultzatzeko 125.000 eurokoa izango da, guztira, jaurlaritzaren laguntza. Eta bost: 160.000 euroko inbertsioa bideratuko dute dantza zirkuitua bultzatzeko.

Hiru milioi euroko inbertsio orokorra

Deialdi berriak ez du beste laguntzarik murriztuko, Zupiriak zehaztu duenez. Indarrean jarraituko dute sorkuntza eta ekoizpenerako diru laguntzek hemendik aurrera ere. Aurreratu duenez, esaterako, 880.000 euro bideratuko dituzte antzerkiaren ekoizpena laguntzeko (iaz baino 30.000 euro gehiago). 420.000 euro bideratuko dituzte dantzaren ekoizpenetarako (iaz baino 50.000 euro gehiago), eta dantza koreografikoak sortzeko 28.800 euroko poltsa eta antzerki testuak idazteko 52.000 eurokoa ere badituzte prest.

Aurten, guztira, arte eszenikoen sektoreak hiru milioi euro inguruko inbertsioa jasoko duela izan du gogoan Kultura sailburuak. “Horrek erakusten du sektore honek gure herrian hartu duen garrantzia”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.