Artea

Michauxen atzera begirako oparoa zabaldu du Guggenheim museoak

Sei hamarkada eman zituen Belgikan jaiotako artistak orbanaren eta irudiaren arteko mugan esperimentatzen, eta haren 200 margolan bildu dituzte orain erakusketan, batzuk aurrez sekula erakutsi gabeak.

Ikusle bat Bilboko Guggenhim museoan, Henri Michauxen margolan bati begira. ARGAZKI PRESS
Inigo Astiz
2018ko otsailaren 1a
13:38
Entzun

Esanahien iturbururaino heldu nahi izan zuen Henri Michaux margolari eta poetak (Namur, Belgika, 1899- Paris, 1984). Sei hamarkada eman zituen orbanak eta irudikapenak bereizten dituen arrakala estuan esperimentazioan, eta ahalegin horregatik laudatu zuten XX. Mendeko bigarren erdialdeko sortzaile eta pentsalari nagusietariko batzuek; hainbeste, ezen, “poeten poeta” eta “margolarien margolari” izan zela esateraino heldu baitziren. Apurtu egin nahi zuen italiar perspektiba eta irudikapen naturalista, eta pintatzeko momentuan sortzen ziren istripu material eta orbanei segika lortu zuen bere barne mundua azaleratzea. Pertzepzioaren mugak eta funtzionamendua ere irudikatzeko saiakera egin zuen, eta ezagunak dira droga psikotropikoen eraginpean sortu zituen lanak. Eta ahalegin horien guztien lekukotza eman nahi izan du orain Bilboko Guggenheim museoak Henri Michaux: beste aldea izeneko erakusketarekin. Artistaren ibilbide osoa erakusten duten 200 lan inguru bildu dituzte horretarako, eta tartean badira sekula erakutsi gabeko lanak. Maiatzaren 13ra arte egongo da zabalik.

“Milaka eta milaka margolan egin zituen”. Manuel Cirauqui erakusketako komisarioaren hitzetan, “sukartsua” izan zen Michauxen sormena, eta artistaren lan osoaren zati txiki bat baino ez dute osatzen horregatik Bilbon ikusi daitezkeenek. Ziurtatu du, ordea, ikusi daitezkeen guztiak “esanguratsuak” direla Michauxen ibilbidean. Eta hautaketa lan horren garrantzia eta zorroztasuna nabarmendu du Franck Leibovici Michaux artxiboaren arduradunak ere. "Michauxi eskaini zaion erakusketarik ederrena da".

Errepikapenaren kontra

Paul Klee artistaren lanak abiatu zuen guztia, Cirauquik dioenez. “Hura ezagutu zuen arte pintura errealitatearen garrantzi gabeko errepikapen soila iruditzen zitzaion, eta, muturreko irudimena defendatzen zuen poeta izanik, beraz, erabat baztergarria iruditzen zitzaion”. Kleerekin ikusi zuen bazela margotzeko beste modu bat, eta orduan hasi zen pinturarekin esperimentatzen. Eta musoeko hirugarren solairuko hiru aretotan ikusi daiteke sorkuntza prozesu horren emaitza orain.

Hiru atal nagusitan banatu dituzte sortzailearen lanak. Tematikoa da banaketa, baina areto bakoitzak eskaintzen du, halere, artistaren garapen kronologikoa ikusteko aukera. Pinturarekin esperimentatuz paperean artistari azaltzen zitzaizkion “agerpenak” ikusi daitezke lehen aretoan, esaterako. Bigarrenean, alfabetoen eta irudi autonomoen arteko mugan egindako lanak ikusi daitezke. Eta hirugarrenean jarri dituzte droga psikotropikoen eraginpean eta beti medikuen zaintzapean egindako irudi serieak.

Bilboko lotura

Artistaren margolanekin batera, haren lana testuinguruan ulertzeko hainbat objektu ere bildu dituzte, eta katalogoa ere kaleratu dute aurrez sekula argitaratu gabeko testuekin. Michauxen hitzak irakurri daitezke publikazioan, eta baita haren kolaboratzaile izan zen Julian Ajuriaguerra neurologo bilbotarrarenak ere. Euskaraz eta gazteleraz argitaratu dute liburua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.