Martxoak 8

Emakumeen greba: lanuzteak enpresa eta eskoletan, eta zaintza lanik ez etxean

Martxoaren 8rako emakumeen greba iragarri du Euskal Herriko mugimendu feministak. Enpresa mundutik harago, zaintza lan ikusezinetan eta kontsumoan ere "planto" egiteko eskatu dute.

Euskal Herriko mugimendu feministako ordezkariak, gaur, graba aurkezpenaren agerraldian. /
Euskal Herriko mugimendu feministako ordezkariak, gaur, graba aurkezpenaren agerraldian. / Juan Carlos Ruiz/Argazki Press

Samara Velte -

2018ko otsailak 2

"Muga guztiak gaindituko dituen greba feminista bat" proposatu du Euskal Herriko mugimendu feministak aurtengo Martxoaren 8rako. Iaz 70 herrialdetan baino gehiagotan egindako deialdiari egindako erantzuna izan da, emakumeek hainbat esparrutan sufritzen dituzten indarkeria motei erantzuteko.

"Lana" kontzeptu gisa zalantzan jarri, eta emakumeek aitortzarik jaso gabe egiten dituzten lanetan jarri dute arreta. "Sistema honek sexuaren araberako lan banaketa bultzatzen du, eta ezkutatu eta gutxietsi egiten  ditu feminizatutako ogibideak eta bizitzaren iraunkortasunarekin eta zaintzarekin lotutako lanak", adierazi dute Amaia Zufia eta Leire Murgialdai Euskal Herriko mugimendu feministako bozeramaileek gaur goizean Donostiako Tabakaleran egin duten prentsaurrekoan. "Urtean, batez beste, gizonek baino 7.680 euro gutxiago kobratzen ditugu", salatu dute: lanaldi partzial gehienak emakumeek egiten dituzte, eta lau emakumetik batek aldi baterako lan kontratua du. Besteen etxeko lanetan dihardutenen egoera da prekarioena: hamarretik zortzi atzerritarrak dira, eta hirutik batek lan kontraturik gabe jarduten du. "Horrek guztiak gure bizitza pertsonala, soziala eta politikoa bateratzea eragozten digu", ondorioztatu dute: "Sistema honek indarkeria ekonomikoaz jazartzen digu". Eta hari lotuta datoz emakumeek sufritzen dituzten beste indarkeria motak ere: "Ez dago hilketa, sexu eraso edo jazarpenik gabeko egunik".

Mugimendu feministaren kritika, izan ere, lanaren banaketaz harago doa: "emakumezkoen irudiak sexu objektu gisara" erabiltzen dituen kontsumo eredua eta "hezkuntza sistema patriarkal eta androzentrikoa" ere gaitzetsi dituzte, eskolek emakumeen ekarpen historikoak alboratzen dituztela eta haurrak genero rol zurrunetan hezten dituztela argudiatuz.

Horregatik, Martxoaren 8ko greba lau ardatzen inguruan antolatu dute. Alde batetik, enpresetan kontratatutako beharginei eta ikasleei launa orduko bi lanuzte egiteko eskatu diete: goizean, 11:00etatik 15:00etara, eta arratsaldean, 18:00etatik 22:00etara. Bestetik, ofizialki lan gisa aitortzen ez direnen kasuan, horiek ere ez egiteko eskatu diete emakume guztiei: garbiketarik ez egiteko, haurrik ez eramateko eskolara edota adinekorik ez zaintzeko egun horretan. Grebaren seinale gisa, besoko morea eramateko eta leihoetatik edo balkoietatik amantalak zintzilikatzeko eskatu dute. Azkenik, egun horretarako kontsumo greba ere proposatu du mugimendu feministak, "bereziki enpresa eta saltoki handiak saihestuz, haiek baitira lan esplotazioaren eta baliabideen ustiaketa basatiaren ikur esanguratsuenetako bat".

Greba egunean bertan, aurrerago iragarriko dituztem "bi mobilizazio handi" antolatuko dituzte hiriburuetan, Emakumeok* planto! lelopean —emakume gisa identifikatzeko modu ugari daudela adierazten du izartxoak—. Nolanahi ere, antolaketa deszentralizatua izaten ari da, eta herri bakoitzean antolatuko diren ekintzek ere osatuko dute. Euskal Herrriko hainbat eskualde eta herritan hasiak dira greba antolatzeko batzordeak sortzen, sindikatuekin eta gobernuz kanpoko erakundeekin elkarlanean. Emakumeok planto!-ren sare sozialetan jakin daiteke tokian tokiko deialdien berri.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna