Gizartea

Kanpo ebaluazioei planto egiteko eskatu du Hezkuntza Plataformen Topaguneak

Heziberri, LOMCE eta PISA azterketak martxotik ekainera arte egingo dituztela jakinarazi du, eta "azterketa eta errebaliden lasterketa zoroa" izango dela kritikatu.

Hezkuntza Plataformen Topagunea, gaurko agerraldian
Hezkuntza Plataformen Topagunea, gaurko agerraldian Monika del Valle

Jon Rejado -

2018ko otsailak 3

Hezkuntza Plataformen Topaguneak dei egin du martxotik ekainera arte egingo dituzten zenbait kanpo ebaluaziori planto egitera: bai Heziberriren eta LOMCEren ezarpenaren ondorioz egingo dituzten ebaluazioei; baita PISAko probei ere.

Azterketa horiek egitea Euskal Herritik kanpo erabaki dutela hausnartu zuten atzo emandako prentsaurrekoan. Kritikatu dute proba horiek ez dituztela kontuan hartzen ikastetxeen eta ikasleen errealitatea. «Egoera itogarri hau jasangaitza da», kexatu dira plataformako kideak.

Martxoaren 5etik ekainera arte sei kanpo azterketa egongo direla ezagutarazi dute: 15 urteko ikasleentzat PISA azterketa; Heziberrik eta LOMCEk jasotzen dituzten ziklo amaierako kanpo ebaluazioak, LHko 6. mailan, eta DBHko 4. mailan; selektibitatea, Batxilergoa amaitzean; eta, azkenik, ISEI erakundeak LHko 4. mailan eta DBHko 2. mailan egingo duen ebaluazio diagnostikoa. ISEIrena izan ezik, gainerako guztiak «gure hezkuntza sistemei kanpotik inposatuak» direla baloratu dute, eta  horiek ez egiteko eskatu dute.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna