Katalunia

Puigdemont hautetsien batzarrak inbestitzea proposatu du JxCk

Kataluniako hainbat hedabidek jakinarazi dutenez, JxCk Puigdemont presidente izendatzeko bidea proposatu dio ERCri, eta horretarako deitu du gaur CUP Bruselara. Bi gobernu eratzea proposatu du: bata, Bruselan, eta Bartzelonan bestea.

JxCren ordezkaritza bat, Bartzelonako aireportuan, Puigdemontekin bilera bat izan ondoren Kataluniara bueltan, iazko abenduan. ENRIC FONTCUBERTA, EFE
2018ko otsailaren 5a
19:15
Entzun

Carles Puigdemont Kataluniako presidentegaiak bere burua presidente izendatzeko proposamena zehaztu dio ERCri, eta CUPi helaraziko dio gaur, Kataluniako hainbat hedabidek jakitera eman dutenez. Puigdemont atzo bildu zen ERCko ordezkaritza batekin, Bruselan. CUPeko Carles Riera eta Vidal Aragones parlamentariak gaur joan dira Belgikara harekin biltzera, Puigdemontek berak eskatuta.

Informazio horien arabera, bi gobernu eratzea proposatu die JxCk ERCri eta CUPi. Bata, zilegia eta ahalduna, Bruselan. Bestea, gobernu eragilea litzatekeena, Bartzelonan. Azken horrek, 155a eten eta erakundeak berreskuratu beharko lituzke.

Proposamenak bat egingo luke ERCk aurretik jarri dituen baldintzekin. Puigdemont presidente izendatzearen aldeko apustuari eusten diola esana du ERCk, baina eragotzi egin nahi du haren izendapenak parlamentuko kideentzako ondorio penalak izatea eta Kataluniako Gobernuaren osaketa eragoztea. Hori dela eta, Puigdemonten inbestidura sinbolikoa galdegin dute zebait ahotsek. JxCk ezohiko bide bat proposatu du.

Espainiako Justiziaren oztopoak sahiesteko, Puigdemonten izendapena parlamentuak egin beharrean, hautetsien batzarrak egitea galdegin du JxCk. Batzar hori AMI independentziaren aldeko udalen elkarteak sortu zuen 2016an, Espainiak Kataluniako Parlamentuaren jarduna blokeatuz gero, prozesu subiranistarekin jarraitu ahal izateko. Hautetsien bidezko izendapenak ez luke Puigdemont Kataluniako presidente bihurtuko Espainiako legediaren arabera, baina independentistek hari zilegitasuna aitortzeko keinua geingo lukete. Proposamenaren arabera, Puigdemont izango litzateke bi gobernuetako arduradun nagusia.

Bartzelonako gobernu eragilerako, berriz, Kataluniako Parlamentuak presidente berri bat hautatzeaproposatu du JxCk. Kargua hartzeko oztopo judizialik izango ez lukeen hautagaia aukeratuko lukete alderdi independentistek.

ERC proposamena eztabaidatzen ari da, eta, hasiera batean, bideragarri ikusten du.

Eduard Pujol JxCko parlamentariak adierazi du Puigdemonten inbestidura bermatzeko akordioa lortzea espero dutela "hurrengo egunetan".

Bestalde, urtarrilaren 30ean egitekoa zen inbestidura saioa bertan behera gelditu ondoren, ez dago argi Generalitateko presidentearen izendapenerako zein epe bete beharko dituen parlamentuak. Zalantzak argitze aldera, inbestidurarako egutegiari buruzko txostena aurkeztuko dute bihar parlamentuko letraduek.
 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.