ETB

'Go!azen'-en azkeneko atala, saioaren historiako ikusiena

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %9,2ko ikusle kuota bereganatu zuen joan den ostiraleko atalak. 2019an euskarazko telesail berri bat iritsiko da ETB1era.

Go!azen telesaileko aktoreak
Go!azen telesaileko aktoreak ETB

Urtzi Urkizu -

2018ko otsailak 5

Ostiralean amaitu zen Go!azen telesailaren denboraldia —ETBko telesail bakarra, gaur egun—. Datu bikaina bereganatu zuen, inoizko onena: %9,2ko kuota —euskaldunen artean, %21,8koa—. 4-12 urteko neska-mutikoen artean %38,5eko kuota lortu zuen. Eta 13-18 urte arteko nerabeen artean, %45,7koa. Gainera, 135.000 herritarrek egin zuten uneren batean emanaldiarekin. Bost urte baino gehiago ziren euskarazko telesail batek ez zituela hain datu onak lortzen.

Denboraldi honetan telesailak %5,8ko batez besteko kuota lortu du —aurreko denboraldian baino 1,7 puntu gehiago—. Euskaldunen artean, %15,6ko kuota bereganatu du Pausokaren fikzioak. 4-12 urte arteko neska-mutikoen artean liderra izan da, %43,2ko kuotarekin.

Ostiral honetan eta hurrengoan telesailaren inguruko bi saio berezi emango dituzte, 21:00etan. Bestalde, hilaren 21ean Bago!az musika lehiaketa hasiko dira ematen; iaz bezala, lehiaketako irabazleak Go!azen telesaileko atal berrietan parte hartzeko txartela lortuko du.

ETBko zuzendari Edu Barinagak Eusko Legebiltzarrean gaur iragarri du ETBk bi telesail berri izango dituela: gaztelaniazko telesail bat egingo dute ETB2rako, Mediapro ekoizpen etxearekin eta Telemadrid kate autonomikoarekin elkarlanean. Bestetik, 2019. urteari begira, topaketa bat antolatu zuten duela egun batzuk ekoizpen etxeekin, eta, orain, hamar ataleko euskarazko telesail bat egiteko proposamenak jasoko dituzte. Horrenbestez, 2018an euskarazko telesail bakarra Go!azen-ek izaten jarraituko du, baina datorren urtean fikzio berri bat iritsiko da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna