eguraldia

Jaurlaritzak alerta laranja eman du biharko eta etziko elurragatik

Elurra 100 metrora ere egingo duela iragarri dute, eta itsasoaren mailan egitea ere ez dute baztertzen. HUEZIn bertan behera utzi dituzte goizeko eskolak.

DYAko boluntarioak urtarril hasieran Etzegaratean elurretan harrapatuta geratu zirenak artatzen. /
DYAko boluntarioak urtarril hasieran Etzegaratean elurretan harrapatuta geratu zirenak artatzen. / DYA

Jon Ordoñez Garmendia -

2018ko otsailak 6

Hasiera batean uste zen baino beranduago, baina elurra bihar eta etzi iritsiko da Euskal Herrian beheko mailetara. Joan den ostiralean iragarri zuen jada Euskalmetek hotz handiagoa eta elur gehiago izango zela aste honetan, eta Eusko Jaurlaritzak alerta laranja eman du biharko eta etziko elurragatik. Prezipitazioak gaur arratsaldean iritsiko dira kostaldetik, eta hasiera batean txikiak izango direla iragarri badute ere, indarra har dezaketela ohartarazi du Barne Sailak.

Aemet Espainiako meteorologia agentziak iragarri du Gipuzkoan eta Nafarroan elurra ehun metrora egingo duela, eta alerta laranja gaur arratsaldeko seietatik aurrera eman du. 300 metrora sei zentimotro elurra pilatuko dela iragarri du. Ez du baztertzen, gainera, itsasoaren mailan ere elurra egitea. Eusko Jaurlaritzaren Barne Sailak, berriz, ez du baztertzen bihar txingorra botatzea kostaldean, itsasotik datorren frontea ekaitz bihurtuta. Ostegunean joera bera izango du eguraldiak, baina eguerditik aurrera baretu egingo da.

Aurreikuspena ikusita, neurri bereziak hartzen ari dira hainbat tokitan. Esate baterako, Mondragon Unibertsitateak bihar goizeko eskolak bertan behera uztea erabaki du. Aretxabaleta, Eskoriatza, Arrasate eta Oñatiko kanpusetan ez da eskolarik izango goizean, eta arratsaldean izango den edo ez webgunean iragarriko dute 11:00etan.

Asteburuan, ordea, atsedenik ez du emango eguraldiak. Ostiral goizean izotza izan daitekeela ohartarazi dute meteorologia zerbitzuek, nahiz eta hori ostegun gaueko laino kopuruaren baitan egongo dela zehaztu. Hala ere, arratsaldean fronte bat helduko da, eta elurra egin dezake berriro beheko mailatan. Baita larunbatean ere. Meteorologia zerbitzuek eguraldiari buruzko iragarpenak arreta handiz jarraitzeko eskatu dute, batik bat, errepidean ibili behar dutenei.

Ertzaintzak honako ohar hauek eman ditu:

1.- Eguraldiari buruzko iragarpenak ikusi.

2.- Egora okertzen bada saihestu bidaiatzea eta utzi antolatutako bidaiak bertan behera.

3.- Ahal dela garraio publikoa erabili.

4.- Gidatu aurretik, errepideen egoerari buruz informatu (Jaurlaritzaren 011 telefono zenbakian, @trafikoaEJGB Twitterreko kontuan, Euskalmeten webgunean edo @Euskalmet Twitterreko kontuan).

5.- Mendira doazenek alerta laranjarekin utz dezatela irteera bertan behera.

6.- Etxean erne ibili sutontzi, berogailu eta tximiniekin.

Errepidean elurretan harrapatuta geratuz gero, jarraibide hauei segitu.

1.- Ibilgailuan geratu. Izan beti sakelako telefonoa eskura eta bateria kargatuta.

2.- Mantendu motorra martxan, eta berogailua piztuta. Tarteka kanpotik aire freskoa sartzen utzi.

3.- Saiatu ez loak hartzen. Eraman beti autoan mantaren bat eta hotzari aurre egiteko jantziak.

4.- Larrialdi kasu batean egonez gero, deitu 112 zenbakira.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna