aberri eguna

Independentistak Sareak Aberri Eguna Iruñean ospatzera deitu du

Apirilaren 1ean izango da aurten Aberri Eguna. Independentistek mundu osoko euskal komunitateari egin diote ospatzeko gonbita.

Independentistak Sarearen manifestazio Iruñean, duela bi urte Aberri Egunean. /
Independentistak Sarearen manifestazio Iruñean, duela bi urte Aberri Egunean. / Jagoba Manterola/Argazki Press

Berria -

2018ko otsailak 6

Euskal Herriak munduko herri guztien artean tokia izan behar duela aldarrikatzeko, Independentistak Sareak Aberri Eguna Iruñean ospatzera deitu du aurten. "Inolako kanpo inposizio eta injerentziarik gabe, geure etorkizuna askatasunean, demokrazian, justizia sozialean eraiki nahi dugula, eta horretarako burujabetza osoa behar dugula adieraziko diogu mundu osoari Aberri Egunean", diote independentistek gaur zabaldu duten deialdian.

Ohar batean gaur egungo errealitatea "gordina" dela azpimarratu du Independentistak Sareak. Espainian eta Frantzian inboluzio politiko bat gertatzen ari dela dio, eta Kataluniako prozesuan Espainiak erakutsi duen "ultranazionalismo bortitz eta ukatzaileak" errealitatea zein den inoiz baino garbiago erakutsi duela.

"Menpekotasunean ez dugu etorkizunik. Burujabetza berreskuratzeko bideak sakon aztertu, urratsak zehaztu eta ibiltzen hasteko ordua da. Norabidea argi dago: Euskal Estatu sozial eta demokratikoa eratu eta Euskal Errepublika aldarrikatu. Helburua, askatasuna, hots, herritar guztiok zoriontsu bizitzeko herri librea".

Ohi duenez, aldarrikapena eta ospakizuna uztartuko ditu aurten ere Independentistak Sareak Iruñean. Eguerdian manifestazioa egingo du, eta ondorenerako egitaratu zabal bat prestatzen ari da. Aurten, baina, atzerrian dagoen euskal komunitateari ere zuzendu zaizkio independentistak, eta tokian-okian aberri eguna ospatzera deitu dute. "Aberri Egun zabal eta parte hartzailea izango da aurtengoa ere, eta sigla eta familia politikoetatik harago, euskal herritar guztiok batera zabalduko dugu askatasunaren oihua mundu osora".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna