EGURALDIA

Elur eta izotz arriskugatik, alerta laranja eman dute bihar eguerdira arte

Iragarpenaren arabera, elur mailak 100-300 metrotan jarraituko du bihar arte. Gaur gauean eta bihar goizean espero da elur gehien, eta tenperatura bajuak medio, izotza ere egingo duela ohartarazi du Euskalmetek. Errepide sare nagusia irekita dago osorik, baina zuhur ibili behar da hainbat tartetan. Zuzeneko kontaketa albistearen barruan.

Elurra kentzeko makina egun osoan aritu dira lanean. /
Elurra kentzeko makina egun osoan aritu dira lanean. / Juanan Ruiz/Argazki Press

Gorka Berasategi Otamendi -

2018ko otsailak 7

* Iragarri bezala, elurra iritsi da, eta Euskal Herriko hainbat toki zurituta daude. 100-300 metro artean kokatuko da elur maila Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroa iparraldean. Alerta laranja ezarri dute lurralde horietan, eta bihar eguerdirarte mantenduko dute. Nafarroa erdialdean, berriz, 500 metrotik gora espero dute elurra, eta alerta horia ezarri dute bertan. Izotza etorriko da gero, eta alerta horia.

* Errepide sare nagusiko zenbait tarteri eragin die elurteak. Sare nagusian bide guztiak irekita dauden arren, arreta berezia behar da hainbat tartetan.

* Irakurleek bidalitako argazkiak jasoko ditu BERRIAk: Whatsapp bidez, 664-25 91 41 zenbakian, eta Twitter, Facebook eta Instagram bidez, #elurretan traolarekin.

Zuzeneko kontakizuna

23:13
2018-02-07

Une honetan izotza da arriskurik handiena errepidean. Zeropeko tenperaturak daude barnealdean, euskalmeten arabera. Honako aholkuak eman ditu Jaurlaritzaren Trafiko Zuzendaritzak izotza dagoenerako:

-Izotzari aurre egite aldera, hotz handia egiten duen egunetan segurtasun-neurririk onena ahalik eta kontu handienarekin gidatzea da eta aintzat hartzea tarte jakin batzuetan izotza egon daitekeela.

-Izotza agertzen denean, ABS bezalako sistema modernoek edo erabateko trakzioak ez dute saihesten ibilgailuak labain egitea eta, beraz, egokiena abiadura murriztu eta zuhurtzia handiagoz gidatzea da.

Goizaldean prezipitazioak egin ditzake, eta bihar goizean elurra.

Oihana Elduaien

Oihana Elduaien

21:27
2018-02-07

Biharko eguraldi iragarpena: prezipitazioak eta hotz handia. Izotz arriskua.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

21:04
2018-02-07

Gerturatzen ari dira hodeiak, eta euskalmenten arabera, gauean asko botako du, euria, elurra zein txingorra.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

20:24
2018-02-07

Errepideak garbi dauden arren, larrialdi zerbitzuak behin eta berriz ari dira esaten kontuz gidatzeko. Elurra ez ezik, izotza ere arazo izan baitaiteke.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

20:09
2018-02-07

Errepideak garbi mantentzeko oso garrantzitsua da ezkerreko bidea libre uztea. Elurra kentzeko makinek eta larrialdi zerbitzuek lan egin baitezakete horrela. Trafiko Zuzendaritzak gogora ekarri du, Ertzaintzaren aginduak jarraitzeko.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

19:43
2018-02-07

Euskalmetek gogora ekarri du abisu laranja indarrean dagoela bihar eguerdira arte. Gero alerta horia izango da, izotzagarik, eta ostiralean berriz ere elurra egitea espero da.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

19:04
2018-02-07

Foruzaingoak berri eman du hainbat tokitan mara-mara ari duela elurra. A15ean bide bakarra dago irekita 125 eta 136 kilometroen artean. Ezkerreko bidea elurra kentzeko makinentzat libre uzteko eskatu dute.

Nolanahi ere, trafikoko kamerek hartutako irudietan ez da ageri biderik itxita, Irurtzun parean.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

18:53
2018-02-07

Pagozelai ere garbitu dute. Gauean asko botako duela dio Euskalmetek.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

18:44
2018-02-07

Ireki dute bidea AP8an, Orio parean.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

18:35
2018-02-07

Euskalmetek dio prezipitazio gutxi izango dela orain, tarte batean. Gauean gehiago egingo du.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

18:34
2018-02-07

Elurra ez da errepideko arazo bakar. A8an istripua izan da Orio parean (Gipuzkoa), eta Zarautzerako noranzkoan bi bide itxi dituzte. Auto pilaketak sortu dira.

Argazkian, han atzean ikusten da pilaketa.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

18:24
2018-02-07

Elurra pilatzen ari da Pagozelain, baina ibilgailuak badabiltza momentuz.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

17:59
2018-02-07

Pagozelai parean erruz bota du elurra. Bideak irekita dauden arren, elurtuta daude. Andoainerako norazkoan, bide bakarra dago erdi-garbi.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

17:37
2018-02-07

Iragarrita zegoen elurra arratsalderako, eta hasi du toki batzuetan. Momentuz ez dio eragin errepide sare nagusiari, baina kontuz gidatzeko esan du Trafiko Zuzendaritzak.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

17:33
2018-02-07

A15ean Lekunberri (Nafarroa) parean dagoen kamerak erakusten duenari begiratuta, ez dela giro pentsa daiteke. Nolanahi ere, errepide sare nagusia garbi dago, eta gainerako kamerek garbi erakusten dituzte errepideak.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

16:39
2018-02-07

Trafiko bide sare nagusiko errepideak garbi daude Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Kontuz ibiltzea gomendatzen da hala ere. Mendate gehienak ere zabalik daude, baina ez denak:

Araban erabat itxita dago Herrerako mendatea, eta Urduñakoan ezin dute ibili kamioiek eta artikulatuek.

Bizkaian itxita dago Bikosgana, eta kateak behar dira Isoganan.

Gipuzkoan, berriz, Elosua itxita dago kamioientzat eta autoek kateak behar dituzte.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

16:16
2018-02-07

Elurra polita da mendian, baina arazo izan daiteke errepidean. Elurra kentzeko makinak gogor ari dira lanean egunotan, eta Foruzaingoak, gaur, irudi ikaragarriak zabaldu ditu. Elurra kentzeko makina hoietako batekin gurutzatu dira Belaguako portuan.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

15:37
2018-02-07

Gaur arratsalde-gauerako eta bihar goizalderako dago eginda iragarpenik makurrena. Baliabideak prest dituzte erakundeek. Hala jakinarazi du, behintzat, Gasteizko Udalak.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

14:24
2018-02-07
14:03
2018-02-07

Beharrezkoa ez bada, errepidera ez irteteko gomendioa luzatu dute erakundeetatik. Autoa hartu behar izanez gero, trafikoaren egoeraz informatzeko galdegin du Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

13:09
2018-02-07
12:44
2018-02-07

Errepide nagusietan arazo larriik ez, baina arreta beharrezkoa

Errepide sare nagusian elurrak eragozpen larririk eragin ez duen arren, zenbat bide elurtuta daude eta zuhurtziaz gidatzea komeni da. Hona bide horien egoera adieraztn duten irudien bilduma

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

12:05
2018-02-07

Elurra itsasertzeraino iritsi da Bermeon, Izaskun Bilbao EAJko europarlamentariak sarean jakinarazi duenez.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

11:47
2018-02-07

Elur alerta laranjatik horira igaroko da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa, bihar eguerdian. Izan ere, arratsaldean prezipitazioak eten eta elur maila 500 metro ingurura igoko dela iragarri du Euskalmetek.

Aldiz, izotzarengatik alerta horia ezarriko da ostegun gauean eta ostiral goizean.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

11:04
2018-02-07

Mendateen egoera

Errepide sare nagusian mendate guztiak daude zabalik, nahiz eta arreta berezia behar den Altuben (AP-68), Etzegaraten, (N-1), Pagozelai Mugiron (A-15) eta Belaten (N-121), elurraren ondorioz.

Bigarren mailako mendateei dagokienez, hauxe da egoera:

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

10:08
2018-02-07

Hurrengo egunetarako iragarpena

Ostegunean joera bera izango du eguraldiak, baina eguerditik aurrera baretu egingo da. Asteburuan, ordea, atsedenik ez du emango eguraldiak. Ostiral goizean izotza izan daitekeela ohartarazi dute meteorologia zerbitzuek, nahiz eta hori ostegun gaueko laino kopuruaren baitan egongo dela zehaztu. Hala ere, arratsaldean fronte bat helduko da, eta elurra egin dezake berriro beheko mailatan. Baita larunbatean ere. Meteorologia zerbitzuek eguraldiari buruzko iragarpenak arreta handiz jarraitzeko eskatu dute, batik bat, errepidean ibili behar dutenei.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

09:51
2018-02-07

Mondragon Unibertsitatean bertan behera utzi dituzte klaseak

Aurreikuspena ikusita, neurri bereziak hartzen ari dira hainbat tokitan. Esate baterako, Mondragon Unibertsitateak goizeko eskolak bertan behera uztea erabaki du. Aretxabaleta, Eskoriatza, Arrasate eta Oñatiko kanpusetan ez da eskolarik izango goizean, eta arratsaldean izango den edo ez webgunean iragarriko dute 11:00etan.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

09:51
2018-02-07

Ostegunean joera bera izango du eguraldiak, baina eguerditik aurrera baretu egingo da.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

09:50
2018-02-07

Erne, kostaldean ere

Gaurko elurteak indarra har dezakeela ohartarazi dute metereologia zerbitzuek, eta elurra kostaldera ere iritsi daitekeela aurreratu dute. Elurraz gain, txirgor arriskua ere aipatu dute kostalderako, itsasotik datorren frontea ekaitz bihurtu daitekeela eta.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

09:50
2018-02-07

Elurretan harrapatuta geratuz gero jarraitu beharrekoak

Errepidean elurretan harrapatuta geratuz gero, jarraibide hauei segitzeko eskatu du, halaber.

1.- Ibilgailuan geratu. Izan beti sakelako telefonoa eskura eta bateria kargatuta.

2.- Mantendu motorra martxan, eta berogailua piztuta. Tarteka kanpotik aire freskoa sartzen utzi.

3.- Saiatu ez loak hartzen. Eraman beti autoan mantaren bat eta hotzari aurre egiteko jantziak.

4.- Larrialdi kasu batean egonez gero, deitu 112 zenbakira.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

09:49
2018-02-07

Errepidera irten aurretik kontuan hartzeko oharrak

Ertzaintzak errepidera irten aurretik jarraitzeko ohar hauek eman ditu:

1.- Eguraldiari buruzko iragarpenak ikusi.

2.- Egora okertzen bada saihestu bidaiatzea eta utzi antolatutako bidaiak bertan behera.

3.- Ahal dela garraio publikoa erabili.

4.- Gidatu aurretik, errepideen egoerari buruz informatu (Jaurlaritzaren 011 telefono zenbakian, @trafikoaEJGB Twitterreko kontuan, Euskalmeten webgunean edo @Euskalmet Twitterreko kontuan).

5.- Mendira doazenek alerta laranjarekin utz dezatela irteera bertan behera.

6.- Etxean erne ibili sutontzi, berogailu eta tximiniekin.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

09:48
2018-02-07

Elurraren eragina errepide sare nagusian

Errepide sare nagusiko zenbait tarteri eragin die elurteak. Sare nagusian bide guztiak irekita dauden arren, arreta berezia behar da AP-68 autobidean, Altubeko mendatean; A-1, AP-1 eta N-240 errepideetan Araba osoan. Nafarroan, A-10 Sakanako autobidean, eta Iruñea eta Andoain (Gipuzkoa) arteko A-15 autobidean. Gipuzkoan, N-1ean, Etzegaraten, eta A-8 autobidean.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi


Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna