Lan gatazka

UGT eta CCOO prest daude KSSko kaleratzeak negoziatzeko, industria plan baten truke

101 langile kaleratzeko erregulazioa aurkeztu du Kayaba taldeak, eta asteon kontsulta epeko batzarra izan da aldeen artean. UGTk, CCOOk eta CCPk "industria plan serio bat" eskatu diote enpresari kaleratzeak adosteko.

Langileen protesta bat Orkoiengo Kayaban.
Langileen protesta bat Orkoiengo Kayaban. BERRIA

Xabier Martin

2018ko otsailak 7

"Bere garaian hartu zuen konpromisoari jarraiki", industria plan serio bat eskatu diote Kayaba taldeko zuzendaritzari UGT, CCOO eta CCP sindikatuek, berme nahikoarekin lantegiak geroa izan dezan". Horren truke Orkoiengo KSS enpresan kaleratu nahi dituen 101 beharginen patuaz negoziatzeko prest daude enpresan gehiengoa ordezkatzen duten hiru sindikatuak.

"Zalantza ugari daude enpresak argudiatutako arrazoien inguruan", esan dute sindikatuen iturriek. Uste dute 101eko kopuru hori "puztuta" egon daitekeela, "bada ezpada". Enpresak aurreikusi duen ekoizpen helburuak beteko ez balira, "gehiegizko" kaleratze horiek baliatu nahiko lituzke egoera txukuntzeko.

UGTk eta CCOOk nahi dutena da zuzendaritzak aurretiazko erretiroak eskaintzea, "kaleratze traumatikoak ekiditeko, eta plantaren geroa bermatzeko lantalde gazte baten bidez. Dagoeneko 70 langilek utzi dute enpresa borondatez (53 enplegu zuzen eta zeharkako beste 17), pizgarriei lotutako baldintzetan.

LAB sindikatuak ez ditu kaleratzeak onartzen. Orain aste batzuk eskatu zuen Orkoiengo KSS eta Ororbiako Kybseren plantak fusionatzea, elkarrengandik sei kilometrora daudelako, eta biak direlako Japoniako Kayaba taldearenak. Antza, Kybsek eskulana behar duo produkzio igoera handiagatik —autoentzako motelgailuak ekoizten ditu—. Multinazionalak, gaur-gaurkoz, 101 behargin kaleratzeko erregulazioa besterik ez du jarri mahai gainean..

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna