Korsika

Macronek nazionalisten eskari ia denak baztertu ditu

Korsika konstituzioan aipatzearen alde agertu da, baina hizkuntzaren ofizialtasuna eta egoiliar estatusa ezartzea ez ditu onartu Bastian eman duen hitzaldian. Presoen auzia ez du aipatu ere egin.

Macon, atzo, Korsikan. RAPHEL POLETTI / POOL
mikel rodriguez
2018ko otsailaren 7a
17:48
Entzun

Ordubete inguru iraun du Emmanuel Macron Frantziako presidentearen hitzaldiak. Ikusmin handia sortu du, nazionalisten aldarrikapenei zer erantzun emanen ote zien, baina bakarra onartzeko prest agertu da. "Jakinarazi nahi dut ados nagoela Korsika konstituzioan aipatzearekin, eta udaberrian aurkeztekoa den zirriborro konstituzionalean xedapenak proposatuko direla". Macronek erran du "geografiarengatik eta berezitasunengatik" aipatu behar dela Korsika, eta hurrengo hilabetean hori nola egin aztertuko dutela.

Gainerako aldarrikapenei, ordea, ezezko borobila. Hizkuntzaren inguruan, elebitasuna babesten duela erran du, baina berretsi du "estatuaren hizkuntzak" soilik frantsesa izan behar duela. Nazionalistek korsikarren etxebizitza arazoari irtenbidea emateko proposatu duten egoiliar estatusari buruz, berriz, uste du "errepublikaren eta Europako arauen" aurka dagoela, eta hitz eman badu ere etxebizitzaren arazoa konpontzeko neurriak eztabaidatzeko prest dagoela, guztiz baztertu du estatus berezia sortzea.

Presoen auziari buruz, berriz, atzo Claude Erignac prefetari egindako omenaldian guztiz baztertu zuen amnistia ezartzea, eta gaur ez du gaia aipatu ere egin. Uhartera polizia eta gendarme gehiago bidaliko dituela erran du, "inspirazio terroristako edo zuzenbide komuneko indarkeriari" aurre egiteko.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.