Artea

Euskal arterik berriena bildu du Eremuak programak Bilbon

Euskal Herriko 31 artistaren azken lanak batzen ditu ‘Bi dos two’ erakusketak Azkuna Zentroan

Eremuak programan parte hartu duten 31 artistetariko batzuk erakusketaren aurkezpenean. MARISOL RAMIREZ/ ARGAZKI PRESS
Inigo Astiz
2018ko otsailaren 8a
13:47
Entzun

Euskal artearen orainaldia. Labur esanda, funtsean, hori erakusten du Eremuak programak Bilboko Azkuna Zentroan zabaldu duen ‘Bi dos two’ erakusketak. Euskal Herriko 31 artistaren lanak bildu dituzte horretarako, eta, ondorioz luzea da sortzaileen zerrenda. 60ko hamarkadan jaiotakoa dira zerrendako zaharrenak, eta 90eko hamarkadan jaiotakoak gazteenak. Bertan dira, besteak beste, Lorea Alfaro, Oier Iruretagoiena, Leire Muñoz, Saioa Olmo, Damaris Pan, Igor Rezola, Manu Uranga, eta bere azken aldiko sorkuntza lanak aurkeztu ditu haietariko bakoitzak. Eta berritasun hori ere bada erakusketaren ezaugarrietariko bat, Iñaki Imaz hautaketa egin duen taldeko kidearen hitzetan, “berri-berriak” baitira erakusketan ikusi daitezkeen lanak. “Azken urteetan egindakoak”, zehaztu du. Apirilaren 8ra arte egongo dira ikusgai.

205 proiektu

Deialdi ireki bidez jaso dituzte proposamenak antolatzaileek. Guztira, 205 proiektu jaso zituztela zehaztu du Imazek, eta ez du harridura ezkutatu. “Ez genuen espero hainbeste izatea”, onartu du. Proiektu guztiak aztertu, eta haietariko 31 hautatu dituzte, azkenean, erakusketarako. Imazekin batera, Pello Irazu eta Leire Bergara arduratu dira hautaketaz, eta Itziar Okariz eta Emily Pethick artisten laguntza ere izan dute horretarako. Eta behin hautaketa egindakoan, artelan guztiak erakusketa bakarrean biltzea izan da erronka.

Izan ere, klase guztietakoak dira erakusketan ikusi daitezkeen artelanak. Badira eskulturak, margolanak eta instalazioak, esaterako, eta espazio berezia eskaini diete bideo lanei ere. Performanceak ere txertatu nahi izan dituzte erakusketan, halere, eta horregatik programa berezia prestatu dute. Imaz: “Baziren lan asko erakusketa formatu honetara egokitu ezin zirenak, eta iruditu zitzaigun interesgarria behar zuten espazioa sortzea”. Tarte bana eskaini diote performance bakoitzari, eta Eremuak programaren webgunean kontsulta daiteke programazioa.

Heziketa eta artea

Erakusketa da Eremuak programaren aurpegirik ikusgarriena, baina euskal artearen testuingurua sustatzea da asmo orokorra. Artistek eta arte eragileek gidatzen dute proiektua, eta Eusko Jaurlaritzak diruz laguntzen du haien lana. Bilboko erakusketarekin batera, horregatik, arteari buruzko hainbat gogoeta biltzen dituen Eremuak aldizkaria ere publikatzen dute, eta laugarren alea kaleratu berri dute orain, zeinak artearen eta hezkuntzaren gaia lantzen baititu. Eta, bestetik, artisten lanak herriz herriko kultur etxeen programazioetan txertatzeko proiektu bat ere badute martxan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.