Politika

Martxoaren 3an eginen du biltzar nagusia EH Baik

Ondoko urteetarako helburu eta proiektu politikoa zehaztuko dituzte. Apirilean izango dituzten barne hauteskundeei begira, egituraketa berri baten proposamena ere bozkagai izanen dute.

EH Baiko kideak, gaur. /
EH Baiko kideak, gaur. / Bob Edme

Ekhi Erremundegi Beloki -

2018ko otsailak 9

“Ziklo berrira egokitzeko” biltzar nagusia eginen du EH Baik heldu den martxoaren 3an, Hazparnen. Hiru helburu finkatu dituzte: mugimendu abertzalearen ustez, “fase politiko berri batean” sartu da Ipar Euskal Herria eta fase horretarako dituzten helburuak zehaztu nahi dituzte. Horrez gain, proiektu politiko “integratzaile” bat eratu nahi dute, eta azkenik, beren eragin esparruak "biderkatu". Bi zatitan iraganen da biltzar nagusia: martxoaren 3rako, EH Bairen egituraketa berri bat proposatuko dute, besteak beste, alderdien pisua apaldu eta genero arloko parekidetasuna indartuta. Apirilean eginen dituzte egituraketa berri horren araberako barne hauteskundeak.

Biltzar nagusia kontestu berezian eginen dela azpimarratu du Eneko Aldanak, 2017ko urtea “mugarria” izan delako abertzaleentzat. Hiru arrazoi nabarmendu ditu: Euskal Elkargoaren sorrerarekin, Ipar Euskal Herriak instituzionalki “ezagupen maila bat” lortu du; “lehen aldiz gure lurraldea subjektu politiko bat da”. Gatazkaren konponbidean izandako mobilizazioak ere aipatu ditu, izan armagabetzearen inguruan, zein euskal presoen eskubideei lotuak: “ziklo aldaketa batean sartzen garela erakusten du argiki. Giro biziki baikorra sortu du Ipar Euskal Herriko gizartean”. Azkenik, 2012tik gaur arte izandako ziklo elektroala “biziki modu baikorrean” bukatu dutela azpimarratu du, emaitzen arabera, “hirugarren indar politikoa” eta “ezkerreko lehena” direlako. “Egoera horrek gure erantzukizunen aurrean jartzen gaitu, eta anbizioz jokatzera eramaten gaitu”.

Gainerakoan, hemendik aitzina ere EH Bildurekin harreman zuzena izateko xedea erakutsi du. “Bada borondatea lan harreman iraunkorrago eta sakonago bati buruz joateko”, azpimarratu du Nikolas Blainek.