Neguko Olinpiar Jokoak

Imanol Rojo: "Lehertuta heldu naiz azken itzulira"

Rojo 49. geratu da iraupen eskiko eskiatloi proban. Simen Hegstad Kruger norbegiarrak irabazi du lehia.

Imanol Rojo iraupen eskiatzailea. /
Imanol Rojo iraupen eskiatzailea. / Jon Urbe/Argazki Press

Arantxa Elizegi Egilegor -

2018ko otsailak 11

Ordu bat, 23 minutu eta sei segundo behar izan ditu tolosarrak 30 kilometroko bidea egiteko. Lehen postua lortu duen Simen Hegstad Kruger norbegiarrarengandik sei minutu eta 46 segundora geratu da Imanol Rojo. Hala ere, badu gustora egoteko arrazoirik izan ere, munduko onenen zerrenda gora egin du gaurko probari esker, 57.na zen orain arte eta 49. tokia eskuratu du gaur. 

Dena den, egindako lana hobetzeko itxaropena ez du galdu Tolosakoak: "Lau egin ditut hurrengo proba prestatzeko. Seguru nago orduan nire onena emango dudala". Aitortu du, ordea, gaurkoan ez dituela indarrak behar bezala neurtu. Ondorioz maldan gora behar baino ahalegin handiago egin du, eta azken itzulietan ezinean aritu da.

Lehiakideek hamabost kilometro egin behar zituzten estilo klasikoan eta beste hainbeste librean. Norbegiarrek argi utzi dute euren nagusitasuna proba honetan, izan ere, eurentzat izan dira lehen hiru postuak. Krugerren atzetik eta hurrenez hurren heldu dira helmugara Martin Johnsrud Sundby eta Hans Christer Holund.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna