Katalunia

Inbestiduraz eztabaidatzeko negoziazioak hasiko dituzte JxCk eta ERCk

Puigdemont presidente izendatzearen alde egin du ANCk, eta "erantzukizunez" jokatzen eskatu die independentistei. Matxinadagatik ikertuko dituzte urriaren 1eko erreferendumarekin lotuta auzipetutakoak.

Junts per Catalunyako bozeramaile Eduard Pujol, joan den ostiralean. /
Junts per Catalunyako bozeramaile Eduard Pujol, joan den ostiralean. / Quique Garcia/EFE

Arantxa Elizegi Egilegor -

2018ko otsailak 12

Ez dago argi nor, noiz eta nola izendatuko duten Kataluniako Generalitateko presidentea. Oraindik ere Carles Puigdemont da horretarako hautagai sendo bakarra, baina hura Bruselan egoteak sortzen dituen trabak gainditu ezinik dabiltza oraindik ere alderdiak. Horiek hala, gaur biltzekoak ziren Junts per Catalunya eta ERCko buruzagitzak auziaz hitz egiteko.

Joan den aste amaieran, JxCk presidentea urrutitik izendatu ahal izateko lege proposamena erregistratu zuen, baina ez zuen ERCren babesik jaso. Azken horrek ohartarazi du asteburuan inbestidura "eraginkorra" nahi dutela, eta Puigdemonten zilegitasuna onartzen duten arren, harena presidentetza "sinbolikoa" beharko lukeela.

Bitartean, prentsara bidalitako komunikatu batean ANC Kataluniako Batzar Nazionalak JxCko hautagaiaren alde egin du eta berretsi du hark behar duela izan Generalitateko buruzagi berria. Horretarako, inbestidura saioa Parlamentuan egitea defendatu du, eta eskatu die alderdi independentistei euren gain har ditzatela horrek ekar ditzakeen "erantzukizun eta ondorio penalak".

Matxinada

Auzitegietan, berriz, aurrera doa Kataluniako auzia. Bartzelonako Instrukzio Epaitegiko 13. salako epaile Juan Antonio Ramirezek jakinarazi die, urriaren 1eko erreferendumarekin lotuta, auzipetutakoei matxinada delitua ere ikertzen ari direla.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna