Lan gatazkak

Akordioa Bilboko TAOko langileen eta zuzendaritzaren artean

TAOko beharginek greba utz dezakete bihar, batzordeak eta zuzendaritzak lortutako akordiorako oinarria berresten badute. Urtarrilaren 2tik daude lanuztean.

Bilboko TAO zerbitzuko makina bat. LUIS JAUREGIALTZO/ ARGAZKI PRESS
xabier martin
2018ko otsailaren 12a
19:15
Entzun

Bilboko TAOko lan gatazka soluzio bidean jarri dute aldeek. TAOren zerbitzuaren adjudikazioa duen enpresak eta langileek akordiorako oinarri bat adostu dute, eta langile batzarrak berretsi ala baztertu beharko du bihar egingo duten batzarrean. Horiek horrela, Bilboko TAOko beharginen greba mugagabearen amaiera gertu dago.

Eusko Jaurlaritzaren Lan Sailaren bitartekaritzarekin egindako hirugarren bileran lortu dute akordiorako oinarria aldeek. Akordio horren xehetasunak ez dituzte ezagutarazi, ez sindikatuek, ezta zuzendaritzak ere, langileek onartu arte ez dutelako publiko egin nahi. Eysa-Cycasa enpresak, hala ere, akordioarekin pozik dagoela esan du, eta "ahalegin handia" egin duela grebalariekin ados jartzeko. Akordiorako oinarria "lehenbailehen" berretsiko dela espero dute, eta horrekin batera greba mugagabea amaituko dela.

Hitzarmen kolektiboa egitearekin batera, kaleratutako zazpi kide enpresak berriro lanean hartzeko eskatzen dute langileek. Datozen orduetan jakingo da enpresak zazpi kaleratu horiek berriz kontratatuko dituen ala ez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.