Katalunia

Torrentek Estrasburgora joko du Puigdemont inbestitzeko babes bila

Kataluniako Parlamentuko presidenteak kautelazko neurrien helegitea aurkeztuko du Giza Eskubideen Europako Auzitegian. Carles Puigdemonten "eskubideak babesteko" eskatuko dio auzitegiari.

Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidentea, gaur, parlamentuko mahaiaren bileran. /
Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidentea, gaur, parlamentuko mahaiaren bileran. / Alejandro Garcia/EFE

Gorka Berasategi Otamendi

2018ko otsailak 13

Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidenteak Estrasburgora joko du, Carles Puigdemont Kataluniako presidente kargugabetu eta JxCren zerrendaburuaren inbestidurari bide ematen saiatzeko. Puigdemonten "eskubideak babesteko" galdegingo dio Torrentek Giza Eskubideen Europako Auzitegiari, Konstituzionalak hautagaiaren inbestidurari ezarritako mugek haren zenbait eskubide urratu dituztela iritzita. Eskariak Puigdemonten izendapen "eraginkorra" ahalbidetzea du helburu.

Helegitea ezin denez Kataluniako Parlamentuaren izenean aurkeztu, Torrentek berak egingo dio eskaria Estrasburgori, eta parlamentariak deituko ditu helegitearekin bat egitera.

Horrez gain, Auzitegi Konstituzionalean ere helegiteak aurkeztea erabaki du parlamentuko mahaiak gaur goizean egin duen bileran. Konstituzionalak kautelazko neurriak hartu zituen, eta baldintzak ezarri zizkion urtarrilaren 30ean egitekoa zen inbestidura saioari: Puigdemont inbestitu ahal izateko, ezinbesteko jo zuen hautagaia parlamentuan egotea, eta, parlamentura agertu ahal izateko, epaileari baimena eskatzea. Kautelazko neurri horiek errekurritu ditu Kataluniako Parlamentuak. Helegiteak Joan Ridao letratuak sinatu ditu.

Parlamentuak argudiatu duenez, Auzitegi Konstituzionalaren erabakia "oinarririk gabekoa" da, eta behar baino lehenago hartutakoa izan da. Ganberak helegitean defendatu du inpugnazioa ezin dela oinarritu lege urratze bat gertatzeko arriskuan. Horrek Konstituzioaren berme eta defentsa sistema "kutsa" dezake, ganberaren iritziz.

Bestalde, helegitean nabarmendu dute Puigdemontek immunitate parlamentarioa duela eta ezin dela atxilotua izan, delitu nabarmen bat egin ez badu. Hori dela eta, inbestidura saioan atxilotua izan gabe parte hartzeko eskubidea duela azpimarratu du.

JxCren proposamena, aztertu gabe

Torrentek mahaiaren gaurko gai zerrendatik kanpo utzi du JxCk Kataluniako Presidentzia legea moldatzeko aurkeztu duen proposamena. "Forma arrazoiengatik" erabaki du proposamenaren onarpena ez aztertzea. Berri agentziek parlamentuko iturriak aipatuz azaldu dutenez, JxCren bi idatzietako batek propoasamena "irakurraldi bakarrean" tramitatzea eskatzen du eta besteak "urgentziaz" egitea. Bi idatziak "kontraesankorrak" direla iritzi dio Torrentek.

JxC, "zur eta lur"

Torrenten erabakiek "zur eta lur" utzi dute JxC, taldeko bozeramaile Eduard Pujolek adierazi duenez. Pujolek prentsaurrekoa egin du mahaiaren bilkuraren ostean. Agerraldian salatu du JxCk ez duela Torrentek hartu dituen erabakien berri jaso; ez Presidentzia legea moldatzeko proposamena mahiaren gai zerrendatik kanpo uzteko erabakia, ezta Estrasburgora jotzeko erabakia ere. Pujolek gaitzetsi egin du Torrentek JxCrekin kontsultatu gabe erabaki horiek hartu izana.

Kataluniako Parlamentuko presidenteak Estrasburgon helegitea aurkezteko hartu duen erabakiak "aurrez-aurre egiten du talka" Puigdemonten defentsa estrategiarekin, Pujolek ohartarazi duenez. "Ez zen alde bakarreko erabakiz eta era arbitrarioan egiteko beharrik", salatu du. "Gauza horiek hitz egin behar dira, ongi landu, josi".

Gema Geis JxCko diputatuak jakinarazi du Puigdemont defentsarako estrategia lantzen ari dela Bruselan, "zuhurtzia handiz". Estrategia horrek uzta emateko eta Puigdemont presidente izendatu ahal izateko, beharrezkoa da "ahal den zorroztasun handienarekin" lan egitea, Geisen esanetan. Pujolek gaineratu du Estrasburgon "auzi kataluniar bat" eratuko dela azkenean.

Presidentzia legearen moldatze proposamenari dagokionez, Geisek ziurtatu du JxCren idatziek araudia betetzen dutela. "Erabat egingarria da egungo legedian eta Kataluniako Parlamentuak duen subiranostasunaren baitan". Torrentek haren tramitazio eskaria gaur aztertzeari uko egin arren, parlamentuak laster tramitatzea espero duela adierazi du Geisek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna