Fiskalitatea

Iazko gastu araua beteko duelakoan dago Mikel Aranburu

Nafarroako Ogasun kontseilariak nabarmendu du parlamentuan ekarpenaren akordioak "egonkortasuna" emango duela.

Mikel Aranburu Parlamentuko batzordean, artxiboko irudian
Mikel Aranburu Parlamentuko batzordean, artxiboko irudian Jagoba Manterola / argazki press

Joxerra Senar -

2018ko otsailak 13

Abenduaren amaiera aldera, ekarpenaren akordioa hitzartu aurretik, Espainiako Ogasun ministerioak gutuna igorri zion Nafarroari esanez 2017an ez zuela gastu-araua beteko. Gastua araua kalkulatzeko ezinbesteko den diru sarreren igoerari buruz zifra desberdinak dituzte Madrilgo eta Nafarroako gobernuak: bigarrenak %2ko igoera dioen bitartean, lehenak %7,5ekoa dela dio.

Mikel Aranburu Nafarroako Ogasun kontseilariak gaur Parlamentuan zehaztu du ez duela horren beldurrik, eta araua beteko dutela. Berez, Espainiaren eta Nafarroaren arteko finantza eta zerga arloko diru joan-etorriak martxoaren 31ean itxiko dira.

Gaur goizean Aranburuk azaldu duenez abenduan bidalitako gutun horretan Madrilek ez die zehaztu nola kalkulatu duen Nafarroari egozten dion diru-sarreran %7,5eko igoera. Aranburuk eta departamentuko teknikariek susmatzen dute hainbat kontu ez dituela aintzat hartu. "Ez digute azaldu nolatan iritsi diren portzentaje horretara". Nafarroak iaz egindako ezohiko ordainketa batzuk edo udalen azpiegitura inbertsioak ere ez dituela aintzat hartu uste du. "Apirila arte ez da hau guztia itxiko. Gastu araua beteko dugu eta bestela oso gertu geratuko gara. Plan ekonomiko bat egin daiteke, eta kontuak sendotzen ari direnez, ez nau gehiegi kezkatzen".

Kontseilariak nabarmendu du altxortegia duela urtebete baino nabarmen hobeto dagoela egun. Superabitarekin amaitu zuten urtea, eta aspaldiko legez, altxortegian 166 milioi eurotik gora dute. Aranburuk uste du Finantza Egonkortasunaren legean aipatutako gastu arauari buruzko "interpretazio desberdinak" dituztela bi gobernuek. Kontu horri buruz hitz egiteak "alde ona" duela deritzo, superabit-era iritsi delako Nafarroan (izan ere, gastu-araua superabit egoeran bete behar da).

Hurrengo erronka

Ekarpenaren akordioa itxita, hurrengo negoziazio garrantzitsua Hitzarmen Ekonomikoaren erreforma izango dela aipatu du. Aranburuk azaldu du ekarpenaren negoziazioetan nahiago izan zutela bi gaiak ez nahastea, eta orduko joko arauekin eman zela negoziazioa. Dena den, bai jo du garrantzitsutzat Hitzarmen Ekonomikoan aldaketa batzuk egitea.

Horietako bat Espainiako zorraren ingurukoa da. Egun, ekarpenaren kalkuluan zor osoaren amortizazioa sartzen da. "Etorkizunera begira kezkatzen nau horrek. Etorkizunean, defizitik ez dagoenean, ordaindu beharrekoa erotzeko modukoa izan daiteke. Horri aurre egin behar zaio", ohartarazi du. Aranburuk onartu duenez, Nafarroako Gobernuak lehen zirriborroan zorraren inguruko testu aldaketa bat proposatu du eta "itxuraz Ministerioak onartu du". Lehen urratsa dela uste du.

Ministerioaren jarrera

Agerraldian, 2015-2019 eperako ekarpenaren akordioari buruz hitz egin du. Bere ustez, akordioak "egonkortasuna" emango dio Nafarroari, ekarpenaren zenbatekoa handia delako eta "hori argitu izanak lasaitasuna ematen duelako". Bere esanetan, negoziazioak "oso gogorrak" izan dira. "Ministerioaren jarrera oso zentralista izan da, beti izan den modura. Era berean, onartu behar dut leialtasunez jokatu dutela eta giro onean. Elkarren arteko ulermena ona izan da".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna